Abendua urtearen erdian
Udako egun atsegina dugu kostaldeko hiri honetan. Eguzkiak dir-dir egiten du zeru urdinean, eta itsas brisak marea biziek horrenbeste mugitutako itsas hondoaren usain gazia dakar berekin. Kaleak mugimenduz beterik daude, munduko bazter guztietako turistak dabiltza kaleetan barrena, egunaren epeltasunaz gozatzen. Donostiarren bat ere badabil, lanetik bueltan turista andana alde batetik ala bestetik aurreratu nahian.
Kafetegi eta jatetxeak jendez lepo daude, eta barra zabalak dituzte, norbaitek pintxoak hemengo jaki tipikoa direla esan eta mila motatakoak ikusteraino. Turistak ilara egiten ari dira horietakoren bat dastatzeko asmoz. Hizkuntza desberdinetako barre eta elkarrizketa hotsak olatuen uhinen murmurioarekin nahasten dira, ur ertzean emeki-emeki hautsiz.
Hala ere, egun epel honen erromantizaziotik urrun, egunak aurrera egin ahala, turistifikazioaren arrastoak pisu handiagoa hartu du gure bistara eta are jasangaitzagoa bihurtu da. Kaleak, inoiz lasaiak eta bertako xarmaz beteak, lasaiak izatetik urrun, jendez gainezka daude. Souvenir dendek eta nazioarteko frankiziek ordezkatu dituzte hiriari izaera ematen zioten denda familiar eta postu txikiak. Zenbaitek nostalgiaz begiratzen dute, garai sinpleagoak gogoratuz, eta beste batzuk errealitate berrira egokitu dira, turismoak berekin dakartzan aukerak aprobetxatu nahian.
«Hiriaren izaerak nonbait bizirik jarraitzen du, denei gogoraraziz beti egongo dela modu bat gure hiria berriro ere bizigarria izateko»
Jendetza handia bada ere, badira babesleku izaten jarraitzen duten lekuak. Familia eta lagun talde ugari hondarretan bilduta daude, gazteluak eraikiz eta ur freskoaz gozatuz. Umeek barre egiten dute olatuen atzetik korrika eginez, eta helduak erlaxatuta daudela dirudi koloretako eguzkitakoak jarrita. Tokiaren edertasun naturalak erakargarri izaten jarraitzen du, eta pertsona asko gelditu egin dira pasealekuko barandan zerua tonu laranjaz eta arrosaz margotzen duen ilunabarra argazki batean jaso asmoz.
Turistifikazioak hiriaren aurpegia aldatu badu ere, hiriaren izaerak nonbait bizirik jarraitzen du, denei gogoraraziz, aldaketak gorabehera, beti egongo dela modu bat gure hiria berriro ere bizigarria izateko.