Abozketa Kutxan
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Badakit honez gero dena esana dagoela baietsi berri den Kutxa-Bank izen artistikoa hartu duen eta merkatalki Banco Bilbao Bizkaia Kutxa, S.A.U. izena duenaren inguruan: datuak, ehunekoak, kostuak, arriskuak, balorazio politikoak eta ekonomikoak, gizarte mailako ikuspuntuak, batzuen zalantzak, besteen pozak, beste batzuen tristurak eta kezkak, haien algarak, azken orduko esprintak, aspirinak… Kutxako batzar nagusietan –ohiko zein ezohikoetan– ehun batzarkidek dute bozkatzeko eskubidea. Ehun horien “jatorria” zeharo desberdina da: Kutxa bera sortu zuten instituzioen ordezkariak –Foru Aldundikoak eta Donostia Udalekoak–, Gipuzkoako hainbat udalenak, Kutxako langileenak eta azkenik ezarleen edo Kutxa-erabiltzaileenak. Uneotan, Kutxako batzarra osatzeko indarrean dagoen legediaren ondorioz ez dago Kutxako batzarrean Bilduko ordezkari bakar bat ere presente, esate baterako, Hamaika Bat alderdi politiko –teorian eta praktikan– desagertuak, hamairu dituenean. Bai, ongi irakurri duzu, “badok hamairu”: ehun ordezkaritik, hamairu batzarkide. Eta EAE-ANVko alkaterik izan zuen udal ordezkaririk ere, izan, bada Kutxako batzarkideen artean. Batzar anakronikoagorik! Hala ere, oraingoan akaso aipatua izan ez den gertakaritxo batean ipini nahi dut nire arreta, etxaferuak airera jaurtitzekoa ez bada ere, poztxoa eragitekoa izan daitekeelako. Irailaren 23ko Batzar Orokor Ezohikora, ehun batzarkideei deia eginda, laurogeita hemezortzi azaldu ginen. Bakoitzari, usu denez, agertze hutsagatik, PEFZ delako kenkaria ezarrita, 275 euro garbiak eman zizkiguten. Hori ere ezagutzeko moduko datua izango da. Jakina denez, saioko izarra, Kutxa-Bank izenarekin ezagutara eman den proiektua bozkatzea zen. Halako erabaki garrantzitsurako, notari-anderea ere kontratatua izan zen, erabakiari fede publikoa-edo erantsi guran. Bozkatzeko era, batzarra bera bezala, ez-ohikoa: batzarkide bakoitzaren izen abizenak ozen esanda, norbera zutitu eta hitzez-ahoz, alde, aurka edo abstentzioa adierazi behar zen. Laurogeita hemezortzitik, hamalauk erantzun zuten gazteleraz. Hau da, larogeita lauk euskaraz. Emaitzak emaitza, emaitzarako hizkuntza erak beste poz txiki hori eman zidan, onartu beharra dut, bozkatu zuteneko %85,71k euskaraz egin zuen-eta. Ez da ez marka makala. Kutxa-Banken aldeko bozka xutikan eta “bai” esanaz eman nuen. PSE-EEko Iñaki Arriolak, Jose Antonio Santanok edo Ernesto Gascok egin zuten bezala: “bai”. Azken honek –intsumiso iraultzaile erradikala bera– jesarlekutik altxatzeko keinu txikiena ez bazuen egin ere.
