'Abstentzioa'
Xabier Etxaniz Rojo, idazlea
Jakin badakigu futbolak gure eguneroko bizitzan zein gure gizartean duen pisua handia dela. Gipuzkoako barne-produktu gordinean, esaterako, gure Realaren tamaina ez da txantxetakoa. Ekonomian ez ezik, arlo sozialean ere Realak sekulako garrantzia dauka Gipuzkoan, bera baita gipuzkoar gehienak batzen dituen erakunde bakarra. Bai, hori guztia jakina da.
Ezagutzen ez genuena zera zen, gure gizarteak eta -batik bat- gaurkotasun sozio-politikoak zein ekonomikoak gure bihotzeko taldean duen eragina. Ez, hori ez genuen ezagutzen.
Eta ikaragarria da, aizue!
Orain dela aste batzuk ETAk armak utzi zituen behin betiko eta bi egun geroago Reala bera izan zen armak utzi zituena. Ados, aurrean Real Madril orojalea zegoen eta ez zegoen itxaropen handirik, baina Montanierrek egin zuen apustua bakea eta elkarbizitzaren aldekoa bainoago, gol gutxiko errendizio baten aldekoa izan zen.
Getafe eta Rayoren aurkako partiduek, berriz, ekonomiari begira jarri gintuzten. Merkatuak zorraren arrisku-saria etengabe igotzen ari ziren eta Realak ere gauza bera egin zuen. Baita primeran egin ere! Egunetik egunera gero eta garestiago ordaindu behar dugu gure zorra eta laster ez da Europa osoan berau erosteko prest egongo denik.
Eta Espanyolen aurka, gaurkotasunak zer ekarriko eta Espainiako hauteskundeak ekarri zizkigun. Eta noski, gaurkotasunak nora, hara egiten baitu Realak, parte hartu behar zuela erabaki zuen. Aukera asko zituen: Amaiur, EAJ, PP, PSOE… Baita Ezker Anitza ere. Alabaina, bozkatu gabe geratu zen. Hauteskunde mahaira hurbildu zenean blokeaturik geratu zen, zer egin ez zekiela. Marigak Prietori galdetzen zion, Prietok Velari, eta Velak Montanierri. Inork ez zekien nori eman botoa eta azkenean abstentzioaren alde egin zuten.
Ez dakit etorkizunak zer ekarriko dion Realari baina baten batek igarlearena egin nahi badu, nahikoa erraz dauka. Berria erostea nahikoa baita Realak zer egingo duen jakiteko. Hori bai, ez dezala begira kirol sailean, han ez baitu Realaren futbola topatuko.