Abuztuaren 31
19:30. Sarriegi plaza. Jendetza San Juan kalearen ertzean. Bulebarretik datozen tiroak gertu entzuten dira. Tokia hartzen saiatu zara, baina zure aurrean dena grabatzeko prest dagoen gizonaren sakelako pantailatik ikusi beharko duzu. Bitartean, McDonaldsean dauden turistek VIP eserlekuak lortu dituzte oharkabean. Hasi dira kanoikadak Bretxan. «Badator Napoleon!», bota du historian zeropatatero daukan batek. «Zergatik dira ia denak mutilak?», galdera ona, mutiko batena. Azken burrunba. Kea. Barruan dira. «Benga, benga!», animatu ditu beste batek, herrikideak hiltzera eta bortxatzera datozen soldadu malapartatuak. Kaskarin deituko ez digute, ba…
21:30. Abuztuaren 31 kalea, Emakume Berreraikitzailearen eskulturaren plazatxoa. Itzali dituzte argiak. Denak? Ez, noski. Begirunea bezeroei baino zor ez dieten tabernetako distirek iluntzen dute uneari dagokion dolua. Jende gutxi, kandelak piztu dituzten balkoi bakanetan. Parte Zaharreko azken mohikanoak. Arimarik ez, VT plakadun gainerako leihoetan.
22:00. Gaztelubide. Kanpoan, jakina. Elkarteak parez pare zabaldu ditu ateak, bazkideek eta beren besotik helduta baino sartzerik ez duten emakumeek ekitaldia ikus-entzun ez baina txor-txor komenta dezaten; sakelakoa esku batean, kopa bestean. Abesbatza kantatzen hasi da Santa Mariako eskaileratan, eta zu haiekin, ahotsa behartuz, ia garrasika, jendea isilduko den itxaropenez. Alferrik. Zarata iraingarria da.
Sarriegi Plazako mutikoak arrazoi zuen. Emakume gutxiegi. Zuk gustura hartuko zenuke fusila. McDonaldsari goitik behera zabaldu bretxa. Tiroka txikitu tabernetako halogenoak. Kolpeka itxi zeharkatu ezin dituzun elkarteko ateak. Shut up edo cala-te oihukatu historia errepasatu behar duten kaskarinei. Ea jabetzen diren. Ea jabetzen garen. Oroitzea eta ospatzea ez direla gauza bera. Ez zirela su artifizialak. Kanoiak zirela.