Adimen artifizialak tontoagoak egingo gaitu
Duela egun batzuk, titular hau irakurri nuen egunkari baten edizio digitalean: «Pregunta a la inteligencia artificial por un indio y acaba discutiendo con un asador». Eta, segidan, artikuluaren izenburua bera etorri zitzaidan burura, azkenaldian bati baino gehiagori entzun diodan kezka, alegia: adimen artifizialak tontoagoak egingo gaituela.
Ala ez.
Uste dut gure esku dagoela. Eta horrelako erronka potoloetan gertatzen den moduan, gu kolektibo eta pertsonalaren esku. Izan ere, gure bizitzako gauza txikietan, norberak erabaki beharko du tontotu nahi duen ala ez, baina adimen artifizialaren atzean dauden interes handiei aurre egiteko, gizarte gisa ere, baietz ala ezetz erabaki beharko dugu, berandu baino lehen.
Begira, pentsatzen dut galdera egin zuenak ChatGPT famatuari galdetuko ziola jatetxe indiarrari buruz. Ba, «sekretu» bat kontatu dizuet: ChatGPT-k beti erantzuten du, baina ez du ziurtatzen erantzuten duen hori egia denik.
Eta horregatik da gaur egun, uste daitekeenaren kontra, inoiz baino garrantzitsuagoa gauzak jakitea. Izan ere, orain arte zerbait ez genekienean bagenuen non begiratu, baina orain…
Garbi esanda, ChatGPT-k segundo gutxi batzuetan egin dezake norberak ordubetean idatziko lukeen adimen artifizialari buruzko artikulu bat, adibidez. Baina idazten duen hori egia den ala ez, norberak jakin behar du. Edo, bestela, gero eta tontoagoak izatea erabaki dezakegu.
Gure esku dago.