Jexux Arrizabalaga: 'Agur, Begoña, lagun eta tertuliakidea'
Begoñak eta biok ez genuen harreman esturik izan. Egia da. Baina elkarrekin topo egiten genuen guztietan bazen begikotasun handia elkarren artean, zeren lokarri sendo batek batzen baikintuen: naturaganako, herriaganako eta euskaraganako maitasunak. Banekien aspalditxotik gaizki zebilela, baina hain azkar joango zenik ez nuen espero. Horregatik, hari zuzenean aitortzeko astirik izan ez nuenez, hemen, harekin bizi izandako hainbat kontu aipagarri azaldu nahi ditut, zuekin batera berak ere entzungo didalakoan, ezen sinetsi nahi baitut Begoña oraindik ere bizi dela eta gertu dugula. Kontu hauek guztiak haren nortasunaren adierazle dira –nik uste–.
Pirinioetan ezagutu nuen Begoña aspaldi zaharrean, Kutxako Mendi Taldeak antolaturiko ibilaldi batean. Egun hartan, nire aurrean zebilen, lasai eta inongo babes berezirik gabe, nahiz eta xirimiri gogaikarria goian-behean egin eta denok bustitan blai ibili. Gero aitortuko zidan naturarekin bat egiteko modu bat zela hori, haren energia azal-poroetatik sar zedin, eta, gainera, euri fina aurpegian, oso bide egokia zela azala hidratatzeko. Egun hartan, elkar ezagutzen genuen lehenengo eguna izanik, mintzagai sakonik ez genuen izan, baina izugarri gustatu zitzaidan haren hizkera, bihotzarekin hitz egiten baitzuen, sentikor eta, halaber, indartsu. Harrezkero, mendira joaten nintzen bakoitzean, hura taldean agertuz gero, derrigorrezkoa nuen harekin tartetxo bat egitea, hitzez mundua konpondu eta bizitzari buruz zuen ikuspegi zabal eta zentzuzkoaz gozatzeko.
Egia da, taldearekin mendira joateari utzi genionean, oso gutxitan ikusten genuela elkar. Horregatik, zorionekoa izan zen lagun batek filosofiako tertuliara eraman ninduenekoa. Egundoko poza hartu nuen Begoña ikusi eta taldearen koordinatzailea zela jakin nuenean. Tertulian, zuhur eta patxadaz egiten zuen berba, mendian bezala. Bilera horietan, laster ohartu nintzen hark ez zuela filosofia ikusten gehientsuok bezala. Hark proposaturiko testuak eta pentsalarien ekarpenak nahi zituen, bereziki, gure eguneroko problemak eta hemengo gure gatazka-arazoak hobeto ulertu eta konpontze aldera. Eta helburu hori gogoan, egiten zituen irakurketak. Besteok abstrakzio gorenetan murgiltzen ginen bitartean, hark etxera ekartzen zituen gaiak, eta etxekoari proiektatzen zion letren isla, gurea argitu zezan. Begirada xumea zen Begoñarena, bai, baina beti freskoa, berria, funtzionala. Harengandik ikasi nuen filosofia ez dela denbora pasa, burua berotzeko arloa edo ondo ulertzen ez dugun hizkuntza batez jantziriko mundu arraro bati buruzko diskurtsoa. Filosofia zerbait bada, bizitzeko tresna da, eta, hobeto bizitzen laguntzen ez badigu, alferrikakoa.
Begoña maiatzeko tertulian agertu zitzaigun azkeneko aldiz. Ahula, baina artean bizia eta hitz egiteko gogoz. Antza, mamu gaiztoak esnatu zitzaizkion berriro, eta bakerik ez zioten ematen. Hala ere, gogo biziz eman zigun egun hartako bere ibileraren berri jubilatuen aldeko mobidetan. Kontakizun xumea bezain aberatsa izan zen. Asanbladak, sindikatuak, batzorde txikiak, dialektika maltzurra, politikarien jokabidea, hainbat ordezkariren azpijokoak, manifestazio jendetsuak, deklarazioak, eta abar izan ziren hizketa-gaiak. Pozez kontatu zizkigun bere bizipenak, mobidaren gora-beherak eta horren guztiaren gazi-gezak. Gazte garaian, Frankoren kontrako mobilizazioak etorri zitzaizkion gogora. Begoñaren jokabide finaren adierazpidea –eta eredu– izan zen kontakizun hura: ez zuen hitz zatar bat ere inoren kontra esan, errespetu osoa azaldu zien guztiei, haietako askok haren pentsaera eta sentiberatasun politikorik ez izan arren. Hari entzuten ari ginela, gutako inork ez zuen pentsatu lagunaren beherakada handik gutxira etorriko zela. Denok uste genuen berpiztu eta gure artean izango genuela berriro indartsu eta sasoiko. Baina, usteak ustel. Azken bilerara ez zen etorri eta, sartzeko, ate ondoan ginela, jakin genuen hil-urren zegoela.
Orain joan egin zaigu lagun maitagarria, tertuliakide ezin finagoa, isilik, Gaiztoaren kontrako borroka latzaren ondoren. Bai, Bego, joan egin haiz, baina beti izango haugu gogoan. Hagoen tokian hagoela, jakin hire jokabide eta izatearen miresle izan garela. Higandik eta hirekin ikasi eta gozaturiko guztiagatik, mila esker, lagun.