Agurtzane Altuna: 'Hurrengo geltokia... Elizondo!'
Agurtzane Altuna, kazetaria.
Antzekoak dira bertsolaritza eta kazetaritza. Ez hitzaren beraren errimagatik, ezta afizio edota ofizio izan ohi direlako sarri. Egutegietan gorriz jartzen dituzten egunetan lan egitea tokatzen baitzaigu bertsolari eta kazetarioi gehienetan. Halaxe suertatu zitzaidan aurreko igandean ere Murgiako saioaren, edo Beñat Gaztelumendiren jarraipena egin nuenean.
Gustuko aldapetan nekerik ez, ordea, eta Barrosok Oiartzunen bota zuen moduan, «zuengatik sufritzea zein gozagarria izan den». Komunikazioaren baitan jarduten dugu bertsolari eta kazetariok ere; haiek dotoreago noski. Beti izan dut bertsolariekiko, bertsolaritzarekiko halako miresmen berezi bat. Komunikazioa, sormena, ideiak, poesia txikiak, aitona sasi-bertsolariaren ateraldiak omen neskatoak, errima dantza…bihotzak bor-bor egiten duenean bezala sormen dantza garunean… baina mingaina baina bizkorragoak nonbait behatzak…
Eskolarteko lehiaketetan ere nahiago izaten nuen bertso idatzien atalean aritu. Umetan Xebastianen finaleko bertsoak apuntatzen aritu nintzela ere gogoan dut. Arkatzak ezin jarraitu, ordea, bizardunaren abiadurari. Igandean erosoago aritu nintzen ordenagailuko teklatuarekin Gaztelumendiren kartzelakoa idazten. Amona ere telebistari begira, erne. –«Ongi in ote’o»–, galdetu zidan.–«Bai amona, oso ongi»–, erantzun nion.
Txapelketaren zurrunbiloak astindua du Euskal Herria, baina bertsolaritza casteller talde handi bat bezalako da. Tontorrari begira denak, baina oinarrian dauden horien indarrik eta babesik gabe nekez eutsi gazteluari.
Ume mokoa nintzen Jose Lizasok Iribasko plazan, «zer, neskato, bekoki iluna daukazu, ez al zaizu saioa gustatu?»–esan zidanean. Seguraski ez nion ezer ulertuko, baina ezin arretarik galdu.
Ametsek txapela lortu zuenean kartzelatik atera berria zen osabari eskaini zion agurra unibertsitateko apunteen artean gorderik dut oraindik, Arzallusek berak idatzi eta sinatua, noski. Iparraldekoen ahotsa, aldartea, patxada…; maisua da. Sakona eta sarkorra, apala eta jatorra Julio Soto ere. Eta, Oskar Estanga, nola ez, bertsoarekin jolasten erakutsi diguna. Iñaki Apalategi eta Jon Martin herrian izan zirenekoa ere gogoan dut. Oiartzuarra klasekidea izaki, aidatzea komeni ez ziren sekretutxo batzuk bazekizkien eta ostruka baten moduan pasa nuen afalostea; ez da nahi orduko bukatzen ditxosozko segidilla. Bertsoak badu erakarpen indar berezi bat. Komunikazioren maisu dira bertsolariak, entzuleen gozagarri. Hurrengo geltokia…Elizondo. Eta bat, bi, hiru, hara!, abenduaren 15eko kolore gorria laneguna berriro ere niretzako. Bertsolariak bikain arituko dira, seguru. Gu ere saiatuko gara.