"Ahazten ditugu bazterrak eta hegiak"
Ødeiren hitz zorrotzak dira izenburukoak. Euskal Herrian zentro eta periferien arteko dinamika seinalatzen duten akuilu sarkorrak dira urruñarraren letrak. «Ahazten gaituzte ez da berria, badakigu dakitela; irudi luke Euskal Herria Bidasoan bukatzen dela», «Euskal Herriaz mintzo zaizkigu ahantzita zazpitik hiru» edota «ustezko euskaldunek ere deitu banaute gabatxo».
Astebete inguru atzera, gai horrexek piztu zuen eztabaida sareetan, Edurne Azkaratek Hala Bedi irratian egindako elkarrizketa baten harira. Kasu honetan, Iparraldekoaz ez; Arabako errealitateaz mintzatu zen Azkarate. Aipatu zuen jendea «nazkatu dela bigarren mailako euskaldun izateaz» eta hara non piztu zen polemika. Euskal identitatea zapaldua egonagatik ere, uste dut guk ere ahantzi ohi ditugula bazterrak eta hegiak, eta, agian, baita egiak ere. Horregatik sumatzen dugu akaso azkura norbaitek gure joera zentrista seinalatzen digunean.
Euskal Herriak ere baditu bere zentro eta periferiak. Euskal identitatea zentroaren (Gipuzkoa, batik bat) hegemoniaren arabera irudikatu ohi dugu maiz, eta ahaztu hemendik harago badirela bestelako errealitateak. Eta Azkaratek esan bezala, bazterrekoak ez duela zertan zentroaren exigentzietara moldatu, badirelako beste euskalduntasun batzuk ere. Bai, hori guztia ahazten zaigu eta ez, horrek ez du ukatzen euskal identitatea babesteko eta eraikitzeko dagoen premia, zein asmo ona.
Askotan izan dut nire inguruan bestelako Donostia bat eraikitzeko nahia hizketa-gai. Asmo oneko hausnarketak eta ekimenak ere ikusi ditut, eta biziki pozten nau horrek. Segi behar dugu hiri honetan beste izateko modu bat eraikitzen eta bilatzen. Alabaina, ez dut uste soberan dagoenik gurean ere Ødei eta Azkaratek mahai gaineratutako dinamikei so egitea.
Duela gutxi arte ez nion erreparatu inauteriak direla Altza, Trintxerpe eta periferiako hainbat auzok hiriaren zentroa okupatzen duten egun bakanetariko bat. Gehiago edo gutxiago gustatu dakizkizuke karrozak. Baina, joan asteko Klik-klak atalean Xalba Ramirezek zorrotz seinalatu zuen maiz haiei egiten zaien mespretxua sintomatikoa dela oso: «Ez esan zuk ez duzula inoiz entzun txoni batzuk direla karrozetakoak, eta ez esan horrek ez duela zerikusirik kapital kulturalarekin eta kontu horrekin guztiarekin».
Mespretxu estetiko batek ere izan dezake gehiago aurreiritzitik gustu hutsetik baino. Ez da kasualitatea elegantea, cute iruditzea estetika norvegiar minimalista; eta, ostera, barroko, merke, kitsch den horrekin lotzea inauteri brasildarra edo Mexikoko Hamabost Urtebetetze Festa. Ez dut uste kasualitatea denik gustu txarrekotzat jotzea periferiatik datozen karrozak. Beharbada, kontua ez da horrenbeste ez ditugula atsegin purpurina, plastikozko lumak edo pop musikan atondutako koreografiak. Baizik eta elementu horiek denak urrun sentitzen ditugula irudikatzen dugun Donostia euskaldunetik. Eta urrun sentitzen ditugu, beharbada, guk ere bereizten digulako zentro eta periferiak. Ahanzten ditugulako bazter eta hegiak.
Nerabetan Altzako neska kuadrila batekin ibili nintzen tarte batez, bertako lagun min batek aurkeztuta. Gogoratu dut zurtu samar utzi ninduela gaztetxean nirekin egon zitekeen lagun bera karrozetan ibiltzeak. «Ez zara batere txonia karrozetan ateratzeko» bat botako nien, akaso. Hori ez dago oso urruti «oso ongi egiten duzu euskaraz arabarra izateko» edo «ustezko euskaldunek ere deitu banaute gabatxo» batetik.