Ahaztu behar ez dena
Eneko Goiak iragarri zuenez, Aste Santuaren bueltan hustuko dute Martuteneko presondegia, ahalik eta epe motzenean espetxea itxi, eraitsi eta Txomiñeneko bigarren faseari ekiteko. Lekualdaketa honekin, Zubietako eraikin berria hiriko kartzelen historiaren zerrenda luzean sartuko da, hain zuzen ere, Donostia txikia izan arren, izan dituelako bere historian, uste baino kartzela gehiago. Gai honen inguruan bada zer esan, eta ezagunenak Martutene eta Ondarretako kartzelak badira ere, duela gutxi hemen irakurri genuen moduan, zerrenda horretara, Infernuko Zapatari kartzela gehitzea ezinbesteko lana da memoria historikorako.
Memoria egiten hasiko bagara, atxilotutako lehenengo pertsona ezagutu behar dugu. Ia 700 urte atzera, hau da, 1322. urtean, Donostiako lehen atxiloketaren informazioa jasotzen da, alkateek Adan Tilly izeneko donostiarra hiriko hareatzetan jazotako heriotza baten ustezko autore akusatu zutenean. Pasarte honekin hasten da Donostiako presondegien historia. Historia gogor, ilun eta mingarrien lekuko, egun etxebizitza, plaza, berdegune edo hondartzen espazio.
Freetour tematiko baterako norbaiti ideiarik emateko asmorik gabe, Donostiako kartzelen historiak (presondegi modernoez gain) hiriaren espazio sinboliko ezkutuaren zati handi bat hartzen du. Behe Erdi Aroko zigor sisteman, adibidez, kartzela ez zen zigorraren sinonimo, epai judizialaren zain egoteko tokia baizik. Hortaz, pertsonak ‘gordetzeko’ lekuak ziren, erruztatuaren aitortza bilatzeko edo zer egin ez zekiten pertsonentzako espazio izateko: 1617an, merkatari bati hamaika esklabo konfiskatu zizkioten eta haiekin zer egin erabakitzen zuten bitartean, espetxeratu egin zituzten.
«Ez dezagun ahaztu kartzelak, hasieratik, miseria lekuak izan zirela […]. Eta horien gainean bizi garela, hiria ez delako soilik begien aurrean duguna»
Donostiak, gutxienez, XV. mendetik kartzela bat zuen Sagramenteros dorrean (Santa Maria elizaren kanpandorrea zena), kartzela publikoaren funtzioak betetzen zituena. Kontsul etxeak ere, egungo itsas museoak, bere espetxe propioa zuen kaian, bertan itsasoko gertakariengatik kondenatutakoak atxilotzeko. Motako gazteluak lan behartuen kondenetarako balio zuen. Armadan zerbitzu kondenak ohikoak izan ziren sexualitatearekin zerikusia zuten delituetan, eta epaileek gogorrago zigortu zituzten jokabide edo ezaugarri pertsonal jakin batzuk zituztenak: pobreak, eskaleak, sexu langileak, homosexualak, eta abar. Garai bateko ikastetxe jesuita 40 urtez kartzela izan zen, 1889an behin betiko desagertu zen arte. Eraisketak denbora luzez alferrik galdutako hutsune bati lekua utzi zion, eta bertan frontoi bat eta latsarri bat jarri ziren. Plaza inprobisatuak Trinitate izena hartu zuen.
Ez dezagun ahaztu kartzelak, hasieratik, miseria lekuak izan zirela, oinaze, behar eta sufrimendua espetxeen sorreraren parte baitziren. Eta horien gainean bizi garela, hiria ez delako soilik begien aurrean duguna, horren atzean, ezkutuan, lurrazpian, ertzean, periferian edo iraganean badelako beste hiri bat. Ahaztu behar ez dena.