Akaso bider bi
Tarteka, inoiz izango ez dudan bizimodu horrekin amesten aritzen naiz. Nolakoa izango nintzateke diru asko banu? Zein ohitura izango nituzke? Nire denbora «librea» zer egiten emango nuke? Enplegu bat izango nuke? Zein? Ameskeria horren ariketetako bat, eta agian praktikoena, idealistan sartzea izaten da. Eta, uau… tupust batean itzultzen naiz nigana.
Zulo ilunak, zaharrak, bizitzeko gustagarriak ez direnak… eta beste muturrean bizitza osoko soldatarekin ordainduko ez nituzkeenak. Noski tartean badagoela ozeano zabal bat, baina… en fin. Zertan bihurtu da gure Donostia? Udara honetan jasoko ditugun gurutzaontzi horietako guztietako bidaiariak gure artean egongo dira. Eta ez, ez dugu denon artean erabaki bat, bi ala hamar izango diren portuan edota Donostia parean aingura botako dutenak.
Donostiari gertatzen ari zaion guztiaren errua ezin zaio leporatu errudun berari. Hamaika dira oraingo testuingurua sortzen duten arrazoiak. Hala ere, denok ez dugu ardura sozial bera egoera honen aurrean.
«Ez dira gutxi izan kafesne bat eskatzera joan eta ondoko erantzunak jaso ditudan egunak. A) Harridura aurpegia jarri eta ‘Whaaat’ esan. B) Asperdura/haserre aurpegia jarri eta ‘en castellano’»
Turismo aberatsaren neurrira egokitutako txoko honetan bigarren, hirugarren, ez dakit oso ondo zein planotan kokatzen den euskara. Kontraesankorrak dira zabaltzen diren mezuak, gurea Euskararen Hiria da. Baina zein da zehazki lema horren erakusleihoa? Jakin nahiko nuke turista batek hiriaren bisita egitean zenbatetan egiten duen topo euskararekin, zein modutan izaten den, folklorekeriatik tiraka marketin elementu gisa erabilia izaten den… kalimotxo eta pintxo hitzez gain, beste zein hitz eta esamolde ezagutzen dituzten.
Tabernetara sartzean, egun on… joaten direnean, eskerrik asko, agur… Et et et! Egin atximur. Ametsetan ari zara ala? Ez dira gutxi izan kafesne bat eskatzera joan eta ondoko erantzunak jaso ditudan egunak.
A) Harridura aurpegia jarri eta «Whaaat» esan. B) Asperdura/haserre aurpegia jarri eta «en castellano» eta ez dut jarraituko, okerragoak eta iraingarriagoak ere egon direlako. Beste euskaldun asko bezala, ez naiz errenditu eta gazteleraz eskatzen hasiko. Egunero kafea eta esnea hartzen duten milaka pertsona gaude eta, ausartuko naiz esatera ezagutzan baino, jarreran dagoela gakoa. Akaso horrela, turista batek noizbait entzungo du nola eskatu kafesne bat euskaraz, eta agian, akaso x2, berak ere eskatuko du modu berean.
Gaurkoan eskaera bakar bat: mesedez, ez jarri Donostia alokairuan Venezian egin den bezala.