'Alegriak'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Hutsa dago nire etxeko balkoia. Ez dago ez banderarik, ez lorerik, ez ezer. Garbigailuan bueltaka mareatuta irten diren arropak bakarrik jartzen ditut zintzilik euren onera itzul daitezen. Atzo baina, hiru lorontzi erosi nituen biko prezioan –merkealdien aroko semeak gara gu!–. Auditz Akularreko zelaietara joan, busti berria zegoen lurra esku ahurrez bildu eta boltsatan sartu. Hiru boltsa bete nituen. Zein lore landatu ezin asmatu nabil. Telebistako lore programak urtetan ikusi izan ditut, eta jakin-mina behintzat, betidanik izan dut. Hainbeste usain, forma, kolore… Bakoitzak bere lekua omen du, bere argia, bere itzala… bere haizea, bere babesa… Bakoitzak behar du bere ur kantitatea, batzuek bitaminak behar dituzte, besteek zigarro hautsa… ximaurrak ere on egiten omen du… Zaingorriak erraz zaintzen omen diren loreak dira. Bolumen asko hartzen omen dutenak dira… baina, nire balkoia ez da hain handia ere. Entzun izan dut ere, balkoian barazkiak jartzen dituen jendea badela… perrexila, letxugak, tipuliñak… baina, herriko azokara joateak ere badu bere xarma, eta ez gara baserritarrei konpetentzia egiten hasiko. Tulipek berriz, holandar kutsu gehiegi dute eta Kantauriko haizea jasateko gai izango diren ez dakit… Kaktusak ere lan gutxi ematen dute, baina ETB 2ko arratsaldeetako pelikulak gogorarazten dizkit-eta… ez, ez, ez! Orkideoek, oso kolore bizia dute… eta balkoiari kolore emango liokete… baina ez, ez… kostako etxe batek ezin du Baztango balkoi ederren erreplika izan… Alegriak jarriko ditut. Ez dakit politak diren edo ez. Ez dakit zenbat ur behar duten. Ez dakit zenbateraino beteko duten nire balkoia. Ez dakit ura, zigarro hautsa, ximaurra edo sagardoa bota behar ote zaien. Baina izen horrekin, ezin du tristea izan. Eta gaur, maiatzak 23a da, eta denak gaude pozik, alegre! Gaur landatuko ditut etxeko balkoian alegriak. Gaur, udaberrian sartu gara.