Alkate berriari erantzuna. Etxebizitza Donostian: xantaia emozionala
Donostiako alkate berriak hiriko etxebizitza larrialdiari buruzko eztabaidari estilo berria eman dio. Auditz Akularren (Altzan) 3.000 etxebizitza eraikitzeko bultzatutako apustu mediatikoak joan den astean jaso zuen elkarte honen erantzuna, hirigintza, soziologia eta ingurumen argudioez josita, proiektua desorekatua eta jasanezina baita.
Hala ere, argumentu horien guztien aurrean, lursail naturalak inbaditu ezin direnaren salaketaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako ingurumen organoak berak proiektuari uko egiteko gomendatu izanaren aurrean, hiriak jasaten duen etxebizitza babestuaren defizitak azken hamarkadetan udalaren hirigintza politikarekin lotura zuzena duela salatu izanaren aurrean, sustatzaile pribatuen interesen mesedetan ezin dela jardun ohartarazi izanaren aurrean eta hiri osoko eraikitako eremu guztietan alokairuko etxebizitza tartekatzeko proposamenen aurrean, guzti horren aurrean, alkate berriak hedabideentzako esaldi bakar batekin erantzun du: berak proiektuaren aurkakotasuna eta arrazoiak ezagutzen dituela, baina lehentasuna emango diola bere amaren moduko emakumeei erantzuteari, seme-alabentzako etxebizitza eskatzen baitiote, eta horretarako ez du zalantzarik izango Auditz Akular okupatzeko.
«Alkate jauna: hautesleen sektore garrantzitsu batek ere nahi du etxebizitza politika zuzen bat egitea, baina hirigintza orekatua eta lurraldearekiko errespetuan oinarri hartuta»
Demagogia ikasgai batean lerro bat soilik behar izan du xantaia emozional oso bati forma emateko: gazteak Donostiara itzuli ahal izateko 3.000 etxebizitza eraiki behar dira Auditz Akularren. Hau da, alkateak Plan Orokorraren berrikuspen prozesua, herritarrek hiriaren etorkizuna eztabaidatzeko duten eskubidea eta hirigintza politika modernoaren gomendio eta helburu guztiak bidali ditu pikutara.
Alkate jauna: hautesleen sektore garrantzitsu batek ere nahi du etxebizitza politika zuzen bat egitea, baina hirigintza orekatua eta lurraldearekiko errespetuan oinarri hartuta.
Azkenik, horrelako jarrera beldurgarrien arriskuez ohartarazi nahi dugu, ezin delako onartu etxebizitza hitzematea demagogiatik, elektoralismotik eta ideien manipulaziotik abiatuta.


