Altxa Burua
Aurreko astean irakurri nuen, egunkari batean, Altxa Burua mugimenduak 20.000 familia biltzen dituela dagoeneko. Poztu nintzen.
Poztu nintzen, lortu duen aldaketaz gain, gizarte hau hobetzeko modu bat erakutsi digulako.
Gizartearekin adiskidetu egiten nauen gauza horietako baten moduan sentitzen dut Altxa Burua mugimendua. Inperioak eta merkatuak agintzen duenaren kontra esnatu ziren familia haiei esker, oraindik amestu dezakegu herriak baduela zer esan.
Oso denbora gutxian, aldaketa nabaria lortu dute. Gure ikastolan behintzat, duela hiruzpalau urte, arraroa zen DBHko 1. mailako ikasle batek mugikorrik ez izatea eta, gaur egun, gure semeak entrenatzen duen ekipoko Whatsapp taldean, gurasoen telefonoak dira gehienak.
«Ez da erraza beti korrontearen aurka aritzea, baina, agian, nahastuta gaude, eta soinu gehien egiten dutenen norabidea ez da gehiengoarena»
Eta ez da hori soilik. Erakusten digu zer inportantea den, kasu honetan gurasoak, saretzea. Inpresioa daukat, gure seme-alabei dagozkien erabaki batzuk, gure iritziaren kontra hartzen ditugula, ustezko gehiengo baten kontra etengabe aritzea nekagarria delako. Izan ere, egia da ez dela erraza beti korrontearen aurka aritzea, baina, agian, nahastuta gaude, eta soinu gehien egiten dutenen norabidea ez da gehiengoarena. Agian, ez.
Horregatik da garrantzitsua sarea, horregatik da ezinbestekoa, olatuak markatzen duen norabidearen kontra, azpitik beste korronte batzuk ere badaudela jakitea.
Eskerrik asko eta animo!


