(Argazkia: Batix Ezeiza)
Demagun: goiz lainotsu eta hotz batean, kamera hartu eta argazkiak egitea erabakitzen dugu. Eguraldia eta giroa ikusita, paisaia irekiren bat dugu buruan, itsaso aldean akaso, laino eta olatuen arteko jolasa aprobetxatzeko, zuri-beltzean ukitu malenkoniatsua emateko. Hartu kamera, objektiboak eta trasteak, eta han goaz argazkien bila. Bueltaxka bat eman, itsasertzeko petril batean eseri, eta kamerarekin frogak egiten ari garela, hara non gure ondoan txantxangorri bat jartzen den. Azkenean, ez paisaia irekirik, ez itsasorik, ez laino eta olaturik, ezta zuri-beltzik ere. Argazki gogokoena, bat-batean topatutakoa.