Ama
Asko entzun eta hitz egiten dugu heriotzaren inguruan, eta aldi berean deus ere ez. Seguraski egia izango da hainbestetan errepikatzen den esamolde hori: zerbait gertatzen den arte ez zarela benetan ohartzen pasatzen denaz. Ez nuen espero hitz hauek hain gazte idatzi behar izango nituenik. Ez zen garaia, ez unea, ezta momentua ere. Tamalez, bizitzaren nolakotasuna eta bizitzan bertan egin beharreko bidea ez dugu guk aukeratzen.
Gogorrak izan dira azken aste luzeak. Ezer asimilatzeko denborarik gabe, bizitzaren soka labur eta finari heldu eta gogor borrokatzea tokatu da. Eta aise egin dugu denok, eta zuk, batez ere. Indarrez, kemenez eta irribarrez azken unera arte. Indarra eman diguzu, eta beste hamaika irakaspen.
Zaila bezain gogorra egiten zait utzi berri duzun hutsunea asimilatzea. Bizitzako erabaki guztien parte izan zara, eta zuk zenioen modura, irakasle baino gehiago, gidaria izan zara, bizitzan norabidea erakutsi digun gidari aparta. Eta hein batean, zorte oneko ere sentitzen naiz, denbora izan dugulako esateko genituenak elkar partekatzeko, asmoen inguruan aritzeko, hausnartzeko, azken oharrak jasotzeko.
Biotako inork ez genekien maiatzeko arratsalde eguzkitsu hura gure azkena izango zenik, edo agian zuk bai, nik zer dakit… baina kantuan eta azken irribarre batekin utzi gintuzun. Poztasun hura ere kutsatzeko kapaza azken unean. Azken hatsak izan ziren haiek, bizitzako soka fin hura betiko moztu zuen arte.
Hitz gehiago idazteak ez dute zuk utzitako hutsunea lausotuko. Bukatu da, kitto. Oso zoriontsu izan gara, eta hori jada ezingo digu inork kendu. Eskerrak bihotzez bizitzan gidari izateagatik. Hemen, esan nizun moduan, zutaz beti harro egon diren seme-alabak.
Asko maiteko zaitut.
Agur betirako, ama.