Amaia Portugal: 'Alfonbraren azpian'
Aurten hanka puntetan pasa naiz alfonbra gorritik. Baina zeluloidea ari du, eta zipriztinak harrapatu egiten zaitu, berdin-berdin. Behintzat, hartu ditut apunte mental batzuk ikusi nahiko nituzkeen filmen inguruan. Koldo Almandozen Oreina da horietako bat. Irutxuloko Hitza-k elkarrizketa egin zion zuzendari donostiarrari lehengo astean. Bertan irakurri nuen hitz batek erakarri zuen nire arreta, eta eramango nau zinemara: periferia.
Gustuko dut kontzeptua. Hain da erlatiboa, subjektiboa, aldakorra. Gaur egun Zinemaldiaren epizentro den Kursaala ez ote zen ba periferia orain dela ez hainbeste, hesitutako orube triste bat baino ez zenean. Ez dut uste Bette Davisi eta enparauei hara gerturatzen utzi zietenik ere. Badaezpada… Orain, ordea, argazkien flashek eta alfonbraren azpian ezkutatutako zikinkeriak ez dute auzoaren iragana (Gronx) ikusten uzten. Eta oraina idealizatzen du, gainera, Nineuko terrazak izar distiratsuei (eta zenbait sateliteri) inguruaz eskaintzen dien plano pikatuak.
Neure buruari galdetu diot Ryan Gosling edo Judi Denchen gisakoek zer begirekin ikusten duten Donostia aurrenekoz zapaltzen dutenean. Plato batean baleude bezala irudikatzen ditut, kroma berdearen gainean alegiazko mundu perfektua marraztu dietela jakitun. Jim Carrey etorri ez zaigunez, Danny DeVito imajinatu dut The Truman Show filmeko protagonistaren larruan, saldu nahi dioten iruzurrarekin nazkatuta, ihes egiten. Kaian txipironera batera igo eta Santa Klararaino arraunean. Irlaren parean, kartoizko hormaren kontra talka egiten. Larrialdi irteera zabaltzen. Donostia grisago, baina errealago batera eramango duen atea zeharkatzen.
Orain SS baino ez garen honetan, Donostia saridunei inork azaltzen al die Donostia bera zer den? Garaikur hori nondik datorren? Erakusten al dizkiete Kursaaleko farolak? Luzuriaga delako hori nor den, non dagoen? Larrialdi irteeraz bestalde, hiri bat bazegoela… badagoela? Alfonbra gorriak estaltzen duen lur horretatik ez oso urrun, duela ez hainbeste, botata aurkitutako xiringak ez ukitzeko egiten zietela garrasi gurasoek beren haurrei? Gurean benetako dramak filmatzeko, efektu berezirik behar ez zen iragan hurbilean? Kaiak oraindik antxoa usaina zuen garaian? Orain zine areto ere badiren tabako fabrikek oso bestelako aroma zutenean?
Maite ditut, maite, gure bazterrak… Eta zer sinesgarria egiten zaidan Donostia pantaila handian, lanbroak ezkutatzen didanean. Lastima: zine izarrek, eta gure-gureak diren kaskarin askok, Lalaland baino ez dute ikusten.