Amaia Portugal: 'Argi-ilunak'
Donostian Gabonak ez omen dira bukatzen sansebastianak igaro arte, baina behintzat itzali dituzte argiak, eta horrekin, konforme. Hortik aurrera, norberak nahi duena egin dezake bere espirituarekin, jakina.
Gabonetako argiei errezeloz erreparatzen diet. Begiratzen ditugun bitartean, ez baitugu ikusten beste ezer, beste inon. Esaterako, gainontzeko argien falta. Aldamar kalearen bueltan itzaliz doazenak, adibide bat ematearren. Edo etxerako bidean ausart ez, libre sentiarazteko, kale kantoi eta pasabide askotan agindu zizkigutenak, beste bat ematearren. Gabonetako apaingarriek esaten digute nor(i)a begiratu behar dugun, eta batez ere, nora ez. Argien tamainakoa baita, proiektatzen duten itzala.
Paradoxikoki, batzuetan dekadentzia ere proiektatzen dutela iruditu zait. Ordu txikietan itzali egiten dituztenez, argiztapenaren hezurdura baino ez baita geratzen bistan. Ikuspegia bereziki tristea otu zitzaidan Urtezahar gauean: bigarren eta hirugarren zubietako arku itzaliek kable eta burdin mordoiloa ziruditen. Mozkorren batek etxera bueltan kaskarrekoa hartzeko, han propio utzitako oztopo makabroak.
Estetikaz ez dakit askorik, baina beti entzun izan dut ez dela komeni aldi berean hiru kolore baino gehiagoko arropak janztea, edo belarritako handi batzuk jarriz gero, are handiagoa den lepokoa eramatea. Gabonetako zuhaitza dirudizu, bestela. Foku gehiegi. Hiriaren argiztapenari ere aplikatuko nizkioke arau horiek. Are gehiago, patata zaku bat jantzita ere, edertasuna berezkoa duen hiriari.
Itzali dituzte argiak. Egun batzuk beharko dituzte gure begiek, atzera iluntasunera ohitzeko. Eta ohitzen direnean, hilabetez estali dizkiguten ajeak hor agertuko zaizkigu berriz ere. Agian izango da estetikaz ez dakidalako askorik, eta makillajeez, are gutxiago. Baina nahiago ditut inperfekzioak agerian. Natural.