Amaia Portugal: 'Bat-batean, kultura'
Larunbat iluntzean, etxerako bidea hartzear geundela, whatsapp mezu bat: “Zuzeneko musika halako tabernan. Animatzen?”. Bat-batean, ezustean.
Ordu erdi baino ez ginen egon, baina xarma handiko minutuak izan ziren. Jende gutxi, ia ilunpetan, eta gu puff delako batzuetan eserita. Musikari gazteak aurrez aurre, bizpahiru metro eskasera, haien begi niniei zerien ilusioa eta sua ederki ikusteko moduan. Eta zure kantu kuttun hori jotzen badute… Handinahikeriatan tematzen gara, baina ezer gutxi behar du pertsonak, ondo sentitzeko.
Kulturarekin dudan harremana halakoxea da. Bat-batean, ezustean. Ez naiz kontsumitzaile sutsua, ez diot asteburuko agendari zorrotzegi erreparatzen. Gehiago erreparatu beharko niokeela iruditzen zait beti, merezi duten gauza asko galtzen ditudala, baina ez dut egiten, ez zait ateratzen.
Kulturak tupustean harrapatzen nau ia beti. Duela urte zenbait, Zurriolara hondartzara joan, eta bizkarrean Mikel Laboaren ahotsa eta doinuak sumatu nituenean bezala. A zer pribilegioa: lasaitasuna, eguzki printzak, eta Laboa, Bob Dylanekin zeukan emanaldirako entseatzen. Edo iaz, Jamie Cullumen kontzerturako sarrerak oparituta, uztaileko gau oso euritsu batean Trinira abiatu ginenean bezala. Bustitzeko batere gogorik gabe, gauza handirik espero gabe. Eta blai eginda bukatu genuen, bai, baina irribarrea ahoan.
Batzuetan, neure buruak ere ematen dizkit ezustekoak, kulturari dagokionean. Kaleko musikariren batek liluratu eta hari entzuten minutuak eta minutuak igarotzeko gai banaizela konturatzen naizenean. Edo zoro haizeren batek jota, gaur San Telmora noa, gaur Tabakaleratik pasako naiz, gaur zinemara joango naiz (bakarrik!), eta halakoak okurritzen zaizkidanean. Edo kultura etxekoiagoa kaleratzeko halako beharra sentitzen dudanean, eta liburua eskuetan, irakurtzera terrazaren batera edo parkera noanean.
Oso harreman inprobisatua dut kulturarekin. Ez dut bilatzen. Tupust egiten dugu. Eta ez dakit zerikusirik ote duen, baina gogo handia dut Uda gau bateko ametsa ikusteko. Ezustean harrapatuko nauen esperantza dudalako. Bertan gaudela, gaua oharkabean etorriko zaigulako gainera. Agertoki bihurtu duten parke horretan oroitzapen mordoa dudalako. Eta lan horren atzean dagoen ahalegina erraldoia bada ere, atmosfera intimoa izango dela espero dudalako. Txikia. Zaindua. Su motelean egina. Askea. Akaso, halakoak izan beharko lukete Donostia 2016ko ekitaldi guztiek.
Marka litzateke zutabe hau idatzi eta gero, gu joatekoak garen egunean ikuskizuna bertan behera geratzea… Eguraldiak ez ahal digu ezustekorik emango!