Amaia Portugal: 'Garaipen txikiak'
Gure etxetik gertu, Egiako Ametzagaña kalean, bazegoen higiezinen agentzia bat. Ez da nobedade handia, izan ere, gurea punta-puntako auzo bihurtzen ari omen da Donostiako etxebizitzen salerosketan. Hala irakurri dut, eskela gehien argitaratzen dituen egunkarian.
Kontua zera da, agentzia hori itxi egin zutela, eta haren ordez, erakusleihoan artisau produktuak dituen lokal bat dago orain. Justizia poetikoa iruditzen zait. Akaso higiezinen agentzia toki handi eta hobe batera lekualdatu da, negozioa primeran doakiolako. Baina berdin zait, ez dut horretan pentsatu nahi: demagun behingoagatik txikiak handia garaitu duela, tarteka gertatzen direla horrelakoak.
Zorionez, ez da kasu bakarra. Azkenaldian berpizte txiki bat antzematen ari naiz (edo antzeman nahi dut) gurean. Horren erakusgarri, atzo bertan inauguratu zuten La Farandula mikroteatro taberna. Egia kaleko lokal horrek urteak eta urteak zeramatzan itxita. Bertan obretan ari zirela konturatu ginenean, jakin-min pixka bat ere zabaldu zen sare sozialetan, auzotarron artean. Hain aspaldiko partez, zertan ariko ote ziren hor… Ezusteko atsegina izan da argiak piztuta ikustea, armiarma sareek hartuta zegoen soto ilun hartan.
La Farandula baino bizpahiru lokal beherago, orain dela ez hainbeste, tatuaje estudio bat jarri zuten, denbora luzea itxita zeraman arropa dendako maniki zaharrak erakusleihotik kendu eta tokia txukundu ondoren. Dabadabak ere hiru urte bete ditu aste honetan. Egian goraxeago eginez gero, berriz, argazkilaritza estudio bat dago Iruresoro pasaian, orain dela urte batzuk ogiak egiten zituzten toki berean. Bai eta Son Goku eta bestelako super heroien irudi ikusgarriak egiten dituen tailerra ere, Karmengo Andre Maria kalearen goialdean. Ateak parez pare zabalik izaten ditu, gainera, edonor kuxkuxean aritzeko moduan.
Kontrako adibideak ere badaude, jakina. Pertsiana jaitsita duten betiko harategiak, ogi usainik ez duten okindegiak, higiezinen agentzia gehiago, asteburuetan eta gauez ere zabalik dauden fruta dendak… Baina gaur nahiago dut garaipen txikiei buruz hitz egin.
Garaipena ez da betea izango, ordea, irauten ez badu, eta horretan auzotarrok jarri behar dugu aletxoa. Ametsak elikatu egin behar baitira, guri baitagokigu ameslariak bapo asetzea orain. Izan ere, merkataritza txikia hartu eta ematekoa da, zentzu guztietan. Auzoa hiltzen ari dela, gero eta denda gutxiago daudela… Alferrik kexatuko gara, gu geu baldin bagara hiltzaileak, edo, gutxienez, konplizeak. Hauxe idazten ari den honengandik hasita. Baditut etxerako lanak.