Amaia Portugal: 'Guk Topo deitzen diogu'
Metro Donostialdea delakoaren auzia puri-purian dago. Joan den igandean bertan, protesta egin zuen Satorralaia Bizilagunen Elkarteak, Erdialdea zulatuko duen proiektu erraldoiaren aurka.
Handinahikeria zurrunbilo horren barruan txikikeria irudi lezake honek, baina beti Topo izan denari metro deitzeak amorrarazten nau ni. Herri baten ondare iraunkorrenetakoa dira toponimia, esamoldeak, atsotitzak. Nortasuna ematen diote giza taldeari, haren bereizgarri dira: halakori honela deitzen diogu guk, eta ez bestela. Horregatik, adierazpide koloretsu horien gainetik hitz hutsalak inposatzen dizkigutenean, nago iraintzen ari zaizkigula. Gure izana gutxiesteko modu krudela da izenak ezabatzea.
Topo izena beti iruditu zait nortasun handikoa. Oso donostiarra. Oso… donostiarrona. Kafe iragarki hark zioen bezala: hemen trenari Topo deitzen diogu.
Trenari baino gehiago, tren honi esan beharko nuke. Etxean behin baino gehiagotan egin baitidate errieta, nahastu eta Bilbora doan Euskotrenari Topo deitu diodanean: hori ez da Topoa! Topoa Hendaiara doa! Hendaiarako hogei kilometro pasatxoko ibilbideak baititu hamalau tunel. Bidearen laurden bat baino gehiago lurpetik egiten baitute mugaz gaindiko bidaiariek. Satorrak balira bezala. Bere izanaren tamainako izena eman zion herriak tren honi. Topoa.
Eta halako batean, izen arruntegia, herrikoiegia zela otu zitzaion konplexu askoko handiusteren bati. Nola deituko diogu, ba, lurpean dabilen arratoi erdi itsuari bezala, Easo Ederrean helmugaratzen den tren bati? Glamour gutxiegi, Donostia kosmopolitarentzat. Metroa. Inposatu dezagun hitz arrunta, izen arruntegiaren gainetik. Ez gaitezen bereizi. Izan gaitezen homogeneoak.
Besteak bezalakoak izan nahi horretan, bada bereziki negargarria iruditzen zaidan kontu bat. Hemendik Hendaiara arteko geltokiak Metro Donostialdea zioten kartelez josi zituzten garaian, beste aparteko ideia bat ere otu zitzaion baten bati, eta argi urdineko farola luze bana jarri zuten geltokien kanpoaldean. Hiri kosmopolitetan egiten duten bezala: sinbolo moduko bat, jendetzaren artean ez galtzeko eta Topora (barkatu, metrora) sartzeko bidea erraz aurkitzeko. Mundu guztiak bai baitaki, Loiolan, edo Irungo Bentetan, edo nik zer dakit, Gaintxurizketan, Piccadilly Circusen adinako jendetza dabilela zenbait ordutan.
Eta Piccadilly Circusez ari naizela… Bada, Londresen harro asko diote haiek ez dutela edozein ‘underground’ edo metro hartzen. Haiena tube dela. Haiena baino ez.
Baina, jakina, Londres ez da Donostia bezain kosmopolita.