
Bat-batekotasuna eta biok ez gara oso ondo moldatzen. Irratian dabilen batek ez luke halako aitortzarik egin behar, baina zintzoa izatea ere bada gure lanbidearen parte…
Telebistako iragarkien arabera, inprobisazioa ezinbestekoa da
topera bizitzeko: igande goiz batez jaikitzen zara zer egin oso ondo ez dakizula, eta erabakitzen duzu bazoazela, hain libre egiten zaituen autoa hartuta, 300 kilometrora dagoen paraje horretaz gozatzera. Ze tope.
Iragarkiek ez dute istorioaren ifrentzua kontatzen, ordea. Gehienetan besteren baten lepotik inprobisatzen dugula, alegia. Lagunen batek larunbat iluntzean zer egingo dugun galdetzen digunean eta
sobre la marcha erantzuten diogunean, lagun hori gure zain egotera behartzen dugula agian. Beste hainbeste, berandu iritsiko garela beranduegi abisatzen dugunean,
zerbait sortu zaigulako.
Garai Modernootan, ez ote zaigun burua herdoiltzen ari. Begirunea ez ezik, telefono zenbakiak eta urtebetetze egunak ere ahaztu ditugula. Gaur egungo gizarteak erremintak eman dizkigu horretarako, eta guk estu besarkatu ditugu, inprobisazioaren atzaparretan erortzeko prestu.
Eta hala, erosketa-zerrenda egiten ere ahaztu zaigu. Edo ahaztuarazi digute.
Ireki dute Supercor berria, non eta higiezinen luxuzko agentziaren ondoan, Donostiako Urrezko Milia bihurtzen ari den Zurriola hiribidean. Gauerdian pizza jateko apeta sartu zaizula? Libre zara dendara joan eta nahi duzuna hartzeko. Larunbat arratsaldean hurrengo asterako erosketak egin dituzu, etxe ondoko denda
in extremis zabalik harrapatuta, eta hala ere astelehenerako hamaiketakoa ahaztu zaizu? Libre zara igandean erosteko, eta ziurrenik merkeago, gainera. Inprobisazioa saritu egiten baita.
Orain dela gutxi arte erokeria irudituko zitzaidakeen, gurean, astelehenetik igandera eta goizeko ordubiak arte irekita dagoen supermerkatu bat errentagarria izatea, baina inozentzia ere galdu genuen. Lehendik ere badira igandetan berandu arte zabalik dauden fruta-dendak, eta ez zaie bezerorik falta. Bide batez, gogoratzen zer iskanbila sortu zen autobus geltokiko BM supermerkatuan igande goizetan lan egin behar zutelako? Bada, igande arratsaldetan ere badabiltza jada, xorro-xorro.
Pentsatu al dugu zeinen lepotik ari garen inprobisatzen oraingoan?
Zoritxarrez, nago honek guztiak ez duela atzera bueltarik… Baina behintzat, astegun buruzuri batean ordu txikitan erosketak egitera joan behar badugu, gogoratuko ahal gara oihalezko zorroa eramateaz! Kapitalistak, bai, baina inork ez dezala esan ez garenik
ecofriendly-ak.