Amaia Portugal: 'Oinak beti lurrean'
Astelehena, Gasteizen. Minutu gutxiren buruan, jendetza elkartuko da Ama Zuriaren Plazan. Alaves Lehen Mailara igo da, beste hizpiderik ez da gaur hemen. Huraxe asteburuko kirol albistea, Iker Irribarriaren balentriarekin batera. Hala ikusi eta entzun dut euskal irrati eta telebista publikoan. Horiexek, asteburuko bi kirol albiste nagusiak.
Aurrez ere hitz egin dut kazetarion bizioez, eta zenbat atsegin ditugun eguraldia lagun, euriari aurre eginez eta halako esamoldeak. Oinak lurrean, hori ere bada kirol kazetariek maiz erabiltzen duten baliabide bat. Alavesi zein Irribarriari aplika dakioke. Zeinen apala eta saiatua den aramarra. Pilotaria izatearekin aski ez, eta ingeniaritza ikasten ari da, gainera. Oinak lurrean ditu mutilak.
Harrigarria balitz bezala. Kirolariak, berez, txoriburua izateko lizentzia izango balu bezala. Non izan behar ditu oinak kirolari batek, lurrean ez bada? Nola ibili, bestela, atzera eta aurrera kantxan, zelaian, hondarrean? Nondik atera indarrak, jauzi egiteko?
Kirolari askorentzat, oinak lurrean izatea ez da aukera bat, gauzak egiteko modu bakarra baizik. Duela hamar bat urte, Realeko emakumezkoen taldea sortu berria zela, Larraitz Lucas kapitaina elkarrizketatu nuen. Gaizki gogoratzen ez badut, goizetan ikasi, arratsaldetan lan egin, eta iluntzetan entrenatu egiten zuen. Oinak lurrean izango ez zituen, ba! Berak bezala, bere taldekideek ere ateratzen zuten tartea, gainera, kazetariek eskatzen genizkien elkarrizketa apurrak egiteko. Tartea ateratzen hasita, ziur prentsaurrekoak emateko prest ere egongo zirela, baina zertarako denbora alferrik galdu (ikus Joseba Agirre Athleticeko entrenatzaileari joan den astean gertatutakoa).
Astelehena da, eta oinak beti lurrean (jauzi egiteko bada ere) dituen talde batek txapelketa irabazi du. Laugarrenez, erreskadan. Ez da, ordea, asteburuko kirol albiste nagusietako bat. Jaten ematen didaten hedabideekin haserretu naiz, ez diotelako Bera Berari merezi duen tratua eman, baina nire buruarekin ere bai. Izan ere, aspalditik nekien Alavesek zer zuen jokoan joan den asteburuan, eta aspalditik jakin ere, buruz buruko finala noiz zen jokatzekoa. Baina Bera Berak ligako azken partida erabakigarria ere asteburu berean zuela, horren berri berandu samar izan nuen, ia kasualitatez. Ez zegoen nire kirol kontsumitzailearen agendan.
Betiko kontua: eskaintza eta eskariaren zurrunbiloan, zer lehenago, oiloa ala arrautza? Gurpil zoroa eteteko, ekarpenak bi aldeetatik egiten baditugu, albait hobe.
Ah, eta esan gabe doa: zorionak, Bera Bera. Bejondeizuela.