Amaia Portugal: 'Planto egin behar'
Orain dela bi urte hasi nintzen hemen idazten. Lilatoiari buruz jardun nuen lehen zutabe hartan, eta horregatik gogoratu dut urteurrena. Aipatu nuen korapiloa egiten zitzaidala eztarrian, milaka emakume Bulebarretik lasterka irteten ikusten nituenean. Zaila zela azaltzen zergatik, baina halako konplizitatea eragiten zidala, elkarrekin bidea urratzen ari ginelakoan edo.
Igandean izango da Lilatoiaren 29. edizioa, eta haren atzetik etorriko da Emakumeen Nazioarteko Eguna. Aurtengo martxoaren 8a berezia izango dela dirudi, emakumeon lan-uzterako deialdiak baduelako nahikoa sostengu eta oihartzun. Agian horregatik, beste urte batzuetan baino gehiago ari naiz hausnartzen egunotan gaiaren inguruan, bakarrizketan. Galdera: lanean, diskriminatu nautenik sentitu al dut inoiz, emakume izate hutsagatik? Ezetz erantzun nahi izaten diot neure buruari, baina harrak hor jarraitzen du. Eta orduan: halakorik ez zenuen sentituko akaso, baina seguru ez zaituztela diskriminatu? Datuek baldin badiote gizonen urteko soldata emakumeena baino ia zortzi mila euro gehiagokoa dela, kontratu partzialetan andre eta jabe garela, ustez erantzukizun handienekoak diren karguetan jaun eta jabe haiek diren bitartean… Zer dela eta izango naiz ni salbuespena, estatistikari izkin egiten dion zorteko emakumea?
Gaur egun diskriminazioa sotilagoa baita. Gaur egun, eskandalutzat joko baikenuke postu berean jarduten duten bi lankideren artean, gizonaren nomina emakumearena baino potoloagoa izatea, besterik gabe.
Zorionez, hain ageriko matxismoa ez baitugu hola eta hola toleratzen dagoeneko. Begirada zorroztu behar orain. Adibidez, normaltzat jotzen dugu zerbitzuen sektorea okerrago ordainduta egotea, industriarekin alderatuta. Baina zergatik du soldata txikiagoa gure aiton-amonen ongizateaz arduratzen den zaintzaileak torlojuak estutzen dituen fabrikako langileak baino, bien ikasketak erdi mailakoak badira? Hemen pista bat: nola irudikatu dugu langile horietako bakoitza, gizon ala emakume? Beste adibide bat: lanaldi partzialean ari den edonork ondo daki, egitekoen murrizketa ez dela soldatarena bezainbestekoa izaten maiz. Kontratu partzialarekin ari diren gehienak emakumeak direla kontuan hartuta, ez da zaila, demagun, %30eko murrizketa duen neska irudikatzea, lanaldi osoan ari den mutil lankidearekin soldata ez, baina ardurak bai, partekatzen.
Konturatzerako agortu zait zutabea, baina ez planto egiteko argudioak. Ostegunean begirada zorrotz eta konplizeak bilatuko ditut. Ea elkarrekin bidea urratzen dugun. Ea Lilatoian bezala, eztarrian korapiloa jartzen zaidan.