Amaia Portugal: 'Pobretzea ari du'
Kazetariok baditugu gure komodinak, gure hitz kamaleonikoak: testuingurua edozein dela ere, ondo egokitzen dira, beti geratzen dira txukun. Edo, errepikatuaren errepikatuaz, hala iruditzen zaigu guri. Fenomeno da edonon txerta dezakegun hitz horietako bat. Langabeziaren fenomenoa, zahartzearen fenomenoa… Non ezin da, ba, fenomeno hitza erabili?
Eneko Goia alkateari Irutxuloko Hitzan joan den astean egindako elkarrizketa irakurri dut, eta orduan gogoratu dut kazetariok ez garela hitz fetitxeak ditugun bakarrak. Politikariek ere badutela bizio hori.
Apartamentu turistikoen gorakada “fenomeno berria” dela dio Goiak elkarrizketan. “Jakina, zergatik ez? Hori ere fenomenoa da”, pentsatu dut hasieran. Baina akaso bestearen begietan lastoa ikustea errazagoa delako, zalantza sortu zait berehala. Zergatik erabiltzen dugu hainbeste fenomeno hitza? Erabiltzen dugun bakoitzean ez al gara ba, fenomeno atmosferikoekin egiten dugun bezala, subjektua ezkutatzen ari? Euria ari du esaten dugun modu berean esan al dezakegu (luxuzko) turismoa ari du, gentrifikazioa ari du, espekulazioa ari du? Zer ez dugu esaten, fenomeno esaten dugunean?
Etxebizitzen garestitzean eragitea ez dela erraza dio Goiak, botere publikoak mugak dituela. Prezioa eskaintza eta eskariaren araberakoa dela. Laissez faire, laissez passer. Konforme. Fenomeno hitza ondo erabilita dago, orduan. Burbuila ari du, eta alkateak ez du subjekturik ikusten. Demagun bat natorrela berarekin. Baina tira, gizarte ongizateak bai, badu hura bermatzeaz arduratzen den subjektu bat, ezta?
Hala uste nuen, baina Goiaren alderdikide Beatriz Artolazabalen hitzak gogoratu ditut gero, esanez hilean 650 euro aski direla, duin bizitzeko. Hasi naiz alokairu bila Interneten, eta hilean 550 eurotan aurkitu dut logela bakarreko etxebizitza merkeena Donostian. Gehitu bermeak, depositoak, garraio gastuak (hara non, ez baitago Erdialdean), jatekoak eta horrelako kapritxoak, eta aizu, ez zaizkidala kontuak ateratzen.
Pentsatu dut pisua partekatzea izan daitekeela beste aukera bat, baina azkar baztertu dut. Izan ere, etxebizitza bakoitzeko Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) bakarra ezarri nahi du Artolazabalek, bertan bizi direnak senide izan ala ez. Orduan, pisukide batek baino gehiagok premia larria izanez gero, The Hunger Games filmeko protagonisten pare ibiliko ginateke, errenta nork kobratu. Ez zen giro izango.
Horiek horrela, gauza bakarra dut esateko: Donostian 650 euro eskasekin duin bizitzea lortzen duena, hori bai, fenomenoa.