Amaia Sexmilo: 'Paradisua'
Amaia Sexmilo, Donostia Arraun Lagunakeko arraunlaria.
Etxekoak izan eta atzerritar sentitu. Esaldi hori da aste honetan gori-gorian dagoena gure arraun taldearen inguruan, eta esaldi horrek islatzen du arraunlarion sentimendua momentu hauetan Kontxako estropadari begira. Ez da erraza gure papera. Ez da erraza hiru urtez oztopoen aurka arraun egiten jardutea, kanpoan ezer gertatuko ez balitz bezala egunero gogor entrenatzea eta, talde txiki batean egonik, haizeak zure alde gutxitan joko duela jakinda aurrera egitea. Baina gure taldeko arraunlariek horrela bizi izan dugu arrauna. Hori da gure errealitatea, gure egia. Arraunean inoiz ibilitako neska talde bat elkartu ginen arraun egiteko ilusioarekin eta, hiru urte hauetan, zurrunbilo asko pasa behar izan ditugu; gure aldekoak ez ziren haizeak aparkatu eta gure bidean gogor jarraitzeko ahaleginak egiten ikasi behar izan dugu.
Gauzak kanpotik erraz ikusten zirenean gaiztotu zen barrutik Donostiako nesken arrauna. Gure klubak egoera horren eta gure artean harresi handi bat eraikitzeko ahaleginak egin ditu urte hauetan, gure zeregina arraunean iblitzea izan zedin saiatu dira, gure ongizatea zaindu dute eta horrela lortu dugu lortu duguna (zenbat dugun eskertzeko!). Baina sentimenduak ditugu eta baita bi begi ere.
Mi ciudad, Donostia,
No importa que llueva, nieve o haga frio,
es el precio que hay que pagar
Por vivir en pleno paraíso.
Añorga txiki (2011)
…eta badirudi Añorga Txikik bere olerkian esaten duena egia dela… Eta hala bada, euri, elur eta urte hotzek Donostiako nesken arrauna indartu, behingoz gauzak txukundu eta hori guztiak itsasaldi ulerkor eta baketsu batera bideratu ditzala. Paradisu eguzkitsu batean egin nahi dugu arraun.
Hori da behar duguna, nahi duguna eta sinesten duguna. Guk, arraunlariok, inguruak, klubak, donostiarrok eta Donostiak merezi duela uste dugu.
1,2,3 Arraun!