Aritz Sorzabal: 'Amak ez daki zineman egon naizenik'
Asko maite dut ama, baina inoiz ez dizkiot nire bizitza pertsonaleko kontuak kontatu. Gazte-gaztetatik hala egin dut, eta urteekin berdin edo okerrago jarraitzen dut, mutu. Aitortu behar dut zinemara joan naizela esateko tentaldia izan dudala, baina, noizbait isilik egoteko arrazoia izan badut, gaur izan da. Zinemara norekin joan naizen ez da koska, zein pelikula ikusi dudan baizik.
Hain zuzen ere, Lasa eta Zabala ikusi nuen bart, eta lehenik arreba eta geroago ama etorri zitzaizkidan gogora. Elektrodoak, poltsa, kolpeak, irainak, mehatxuak… Lasak eta Zabalak lurpean bukatu zuten; arrebak, kartzelan eta, ondoren, erbestean. Ama malkoak ezin eutsi ibiliko zen aretoan izanez gero, alabak inkomunikazio aldian pairatutako infernua gogoan. Horregatik jarraitu dut tinko eta isilik egoiten, Itziarren seme-alaba guztien anaiek eta ahizpek egingo luketen moduan. Gainontzekoei, ordea, filma ikustera eta ingurukoekin hausnartzera gonbidatuko nieke, gizarteak egia behar duelako jakin, oraindik bulego eta kuartel ilunetan isilik mantentzen duten errealitatea ere.