Amatasunaren indarkeriak
Zer egingo diogu, adin horretara iritsi naiz, non emakumeoi betiko leloa errepikatzen hasten zaizkigun: «Eta haurrak, noizko?». Datorren hamarkadan behintzat etenik gabeko galdera errepikakorra izango da, eta berdin dio galdera horren erantzuna zein den, egiatan, emakumeok oraindik ere ez dugulako askatasun handirik amatasuna geure modura bizitzeko, galderarik gabe, inorren itxaropen eta arauak jarraitu gabe.
Haurrak «goiz» baditugu epaituko gaituzte; «berandu» baditugu epaituko gaituzte; bakarra ala dozenaka baditugu epaituko gaituzte; adoptatzen badugu epaituko gaituzte; ez baditugu epaituko gaituzte. Amatasuna ez delako norberak bizi duen esperientzia pertsonal bakar eta intimoa, guztiek aztertu epaitu eta esku hartu dezaketen gertaera publikoa baizik.
Eta guztiaren erdigunean gaude gu, emakume garenok. Hala, azken urteetan fenomeno moduan zabaldu den amatasun berandutiarraren erantzule bakarrak emakumeak garela erabaki du gizarteak. Amatasuna atzeratzea soilik geure erabakia eta ardura balitz bezala. Bada, ez.
Amatasunaren atzerapena emakumeok oraindik jasaten ditugun ezberdintasun egoeren isla garbia da. Esaten dutenez, antisorgailuak sortu zirenetik, lan munduan sartu ginenetik eta independentzia ekonomikoaren ezti gozoa dastatu genuenetik ez dugu ama izateko horrenbesteko gogorik; gainera, nahiago dugu aurretik haurrik gabeko bizitzaz gozatu, eta ama izateko desioz bagabiltza ere, aurretik lanpostu finkoa eta etxebizitza lotuta izaten saiatzen gara. Eta hori gutxi balitz, badira ama izateari libreki uko egiten dieten emakumeak, hala erabaki dutelako. Argi dago; berekoi hutsak gara.
Amatasun berandutiarraz hitz egiten dutenek ez dute sekula aipatzen aitatasuna ere nabarmen atzeratu dela; egun bikoteak beranduago osatzen direla, gazteek ez dutelako independentzia minimo bat eskuratzeko alokairurako dirurik; 30 urtetik gorakoek etxebizitzak elkarbanatzen jarraitzen dutela, millenialen soldata xumeetatik %70 etxebizitzaren gastuetara bideratu behar dutelako; lanean sartzen diren ordaindu gabeko aparteko orduekin ez dugula ezertarako astirik; emakumeok garela kasu gehienetan haurrak zaintzeko lan murrizketak hartzen ditugunak; etxea aurrera eramateko zama guk daramagula eta ez gaudela horrela jarraitzeko prest; eta abar luze bat. Amatasuna ez da atzeratu, bizitza da atzeratu dena. Baina betiko moduan, honetan ere geu gara errudunak.