Amona Genara
Duela hiru, urte garai honetan, Amarekin hizketan, ikusi genuen egokia izango zela norbaitek gauak Amonarekin pasatzea. 89 urte zituen orduan, eta beldur ginen gaueko tarte horretan pasa zitekeenaz.
Amona gogorra dut. Izatez eta gorputzez. 38 urterekin alargundu zen, lau seme-alaben kargu zela. Ezkondu zenetik senarra hil zen arte, ezin izan zuen lanik egin, nahiz eta 21 urte zituenerako eskuak landuta zituen. Orduko lege frankistak gizonezkoari ematen zion «bere» emaztearen eskumena arlo horretan. Inoiz ezagutu ez dudan aitonak ez zion lanean jarraitzen utzi. Alargundu ostean, ordea, derrigorrez egin behar izan zuen lan. Kontatzen ez dituen miseriak bizi ere bai.
55 urterekin hartu zuen erretiroa, hezurrak txikituta eta ezgaitasuna medio. Orduan hasi zen gu zaintzen. Hiru anai-arreba gara, eta Genararen etxean bizi eta hezi ginen. Bereziki ondo gogoratzen dut nola neguko goizetan gu baino ordu erdi lehenago jaiki, eta barruko arropak kalefakzioaren gainean jartzen zituen, gu esnatzerako bero egon zitezen. Gosariaz ez dut hitzik esango: kolosala.
Duela hiru urte, garai honetan, Amarekin hizketan, ikusi genuen egokia izango zela norbaitek gauak Amonarekin pasatzea. Dudarik egin gabe, neure burua eskaini nuen. Bizitza osoko zaintza jaso ostean egin nezakeen gauza bakarra zela sentitu nuen. Hiru urte joan dira, eta orain 92 urte ditu. Tartean aldaka aldatu diote, eta eskumuturra hautsi du. Ez dut sekula ahaztuko lurrean negarrez aurkitu nueneko egun hura. Ume txiki baten moduan, baina beste esanahi batekin: «ezin dut nire burua zaindu. Dependentea naiz», irakur nezakeen bere malkoetan.
Eta zenbat ikasi dudan. Eta zenbat maite dudan. Nola zaintzen nauen, nik bera zaindu nahiko nukeena baino hamaika bider gehiago. Medikuak esan zigun ezin genizkiola ardurak kendu, eta hala saiatzen naiz. Tarteka gustatzen ez zaizkidan lanak burutzen utzi behar diot, eta beste batzuetan nik egingo dudala esan behar diot. Morala eta beharraren arteko guda batean.
Gizonen mundu batean hezi zen gure Genara, eta umiltasunez eta sarri sumisioz egin zuen aurrera. Ez dut esango kaparik gabeko super-heroi bat denik, ziurrenik izango direlako beste hainbat istorio sakon eta borroka, beste borrokaz, egindako bizitza batzuk. Baina niretzako, munduko borrokalaririk handiena da nire Amona, hitz larriz, garaitu behar izan dituen bizitzako momentu guztiak bezala.