Ander Edo: 'Bi zubi'
Bizikidetzarako sinbolo gisa erabiltzen dira zubiak, kontrajarriak diren bi alde elkartzeko baliagarriak izan daitezkeelako akaso. Hala ere gure Donostia honetan badugu kontrakoa adierazten duen bat. Loiolako auzoa kuartelek okupatzen duten terrenoarekin lotzen dituen zubia da, eta izen baten faltan bi ditu.
2015eko abenduan sortu zen ika-mika. Defentsa ministerioak zubiari izena aldatzea erabaki zuen. Urdintzuko zubia zenari Alfontso XIII.a izena jarri zion, eta hau adierazteko zubiaren hasieran bina plaka jarri zituzten. Udalak orduan plaka hauek kendu eta zubiaren benetako izena jarri zuen. Espainiako armadak, ordea, ez du inoiz atzera egiten (buelta erdia eman eta aurreratzen jarraitzen du) eta zubiaren erdian jarri zituzten plakak, kuarteletatik gertuago. Oraingoan udalak ez zuen ezer egin eta geroztik zubiak horrela darrai, bi plaka desberdinekin. Batak, udaleko harmarriarekin, zubiaren izena adierazten du eta besteak, Espainiako estatukoarekin, militarrek asmatutako izena azaltzen du.
Izenaren atzean errealitate bera ulertzeko bi ikuskera oso desberdin azaltzen dira. Urdintzuk lursail horietan zeuden baserriei egiten die erreferentzia. Alfontso XIII.a, ordea, kuartelak inauguratu zituen erregea izan zen. Eta hor dugu Loiolako zubi xelebre hori, auzotarroi inora joateko balio ez diguna, hor nonbait erdia Urdintzu eta beste erdia Alfontso. Historiari erreparatzen badiogu Behin batean Loiolan liburuan (Felix Elejalde Aldama, 1998) topatuko dugu honekin lotura duen pasadizo bitxi bezain esanguratsu bat: Diotenez, kuartelak eraiki baino lehen ibili zen Alfontso XIII.a hara eta hona zaldi gainean paseatzen, terrenoak ezagutu nahian. Halako batean azaldu zitzaion Tuniz baserriko jabea eta honela esan zion: «Adizu, jauntxo: lur hauek badute jabea. Zuri ez zaizu tokatzen hemendik pasatzerik». Agian zeharkatu beharko genuke Urdintzuko zubia gizon horrek esandako mezua errepikatzera.