Ander Edo: 'Ez dezagun jolastu jateko kontuekin'
“Ez dezagun jolastu jateko kontuekin”. Hitz hauek entzun nizkion aurrekoan Ernesto Gascori. ‘Bizilagunekin’ plataformak maiatzaren 25erako deitua zuen manifestazioaren inguruan ari ziren irratian, eta turismo zinegotziaren adierazpen hau jarri zuten. Aitortu behar dut, ezin adosago egon naitekeela adierazpen horrekin. Jateko kontuekin ez da jolastu behar.
Baina zer da “jateko kontuekin jolastea”? Burura etorri zitzaidan orduan ostalaritzaren sektorean lanean aritu diren lagun eta gertukoek bizitakoa. Kontatu didatenaren arabera, esango nuke haiek aski ongi dakitela zer den jateko kontuekin jolastea. Gehienek pairatu izan dituzten lan baldintza prekarioek haien “jatekoari” eragin baitiote zuzenean.
Baina Gasco ez zen ari lan baldintzen inguruan. “Urrezko arrautzak jartzen dituen oiloa” ez ukitzeko eskatzen ari zen. Turismo eredu honek sortzen dituen lan baldintza prekarioak pairatzen dituztenentzako, baina, arrautzak ez dira urrezkoak, askotan ustelduta ere badaude. Eredu hau aldatzearen alde gaudenok argi dugu, ez dugu inork gure jatekoarekin jolastea nahi.