Ander Edo: 'Hezitzailearen misioa'
Irakasle saiatuak izan nituen nire eskola garaian. Aitortu behar dut ez zuela batere erreza izan behar ni bezalako ikasle bati euskal aditza, matematika, ingelesa, geografia eta hainbat eduki ulertaraztea. Eman zizkidaten guztiak eta halamoduzko azterketetan islatu nuen jasotakoa. Garai horretatik ez dut liburu edo koaderno bat bera ere gordetzen, eta denbora gutxian eduki horietako askok nire burutik ihes egin dute.
Zorionez eskolaldia ez zen izan kontzeptu eta datuen pilatze hutsa. Sekula ahaztuko ez ditudanak ikasi nituen ere bertan. Gogoan dut esaterako nola seigarren mailan ginelarik eraman gintuen Julite irakasleak eskolako bideo gelara. Bertan ikusi genuen Fermin Muguruzak 12. korrikarako egindako bideokliparen kanta. Saio hartan azaldu zigun irakasleak zer zen korrika, eta bide batez bideoan azaltzen zen globalizazio hori ere.
Guk 11 urte genituen eta ez dakit nire gelakideek, baina nik ez nuen tutik ere ulertu. Ez nuen ulertu globalizazioaren kontu hori, ez eta zertan ari zen Big Beñat furgoneta baten barruan izerdi patsetan. Gauza bakar bat ulertu nuen, korrika zelako horrek Juliterengan sortzen zuen zirrara. Distira berezi bat nabari genezakeen bere begiradan eta ahotsean. Urteak aurrera joan ahala hobeto ulertu ahal izan nuen zer zen globalizazioa. Korrikarekin, ordea, lehenbizi sentitu egin nuen, eta gero ulertu, finean hori baita korrika, emozioz beteriko egitasmoa.
Ingurune euskaldunik ez dudanez familian, Korrikaren zirrara lehen aldiz irakasle horren hitzetan sentitu nuen. Sentitu, pentsatu, ekin, diote Irrien Lagunek. Sentitzeko, ordea, emozioa behar da, eta emozioa ez da irakasten, emozioa transmititu egiten da, Julitek gurekin egin zuen bezala. Hori da edozein hezitzaileren misioa, transmisioa.