Ander Edo: 'Inaugurazio aurreko inaugurazioak'
Lagun batek esan zidan behin, aberasteko bide azkar bat infografien negozioan sartzea zela, hau da, egingo diren (edo ez) lanen inguruko hiru dimentsioetako irudigintzan. Azken finean, obrak baino, hauek “saltzeko” erabiltzen diren ordenagailu bidezko montaiak izaten dira ugariagoak.
Izan ere, irudiak geroz eta garrantzi gehiago duen honetan asko dira “etorkizuneko argazki” hauek erabiltzen dituztenak. Lana burutzen ez bada ere (kasu askotan gertatzen den bezala), infografiak bete du bere papera. Esan genezake inaugurazioaren aurreko inaugurazioa izaten direla, eta badakizue hainbat politikariri zenbat gustatzen zaizkien inaugurazioak.
Aurrekoan etxean garbiketa egiten ari ginela dezente topatu genituen. Udal hauteskundeen harira, esaterako, alderdi politiko batek, baten faltan liburuxka oso bat plazaratu zuen. Eta zein izan zen gure sorpresa paper piloaren beheko partean postal bat topatu genuenean. Loiolako topoan egin beharreko lanak azaltzen ziren bertan. Urteak igaro dira auzoko buzoi guztietara irudi hori iritsi zenetik, eta jakingo duzuenez denbora luzez egon dira lanak ez aurrera ez atzera. Txomin eneako lagunek ere ikusiak dituzte makina bat argazki futurista. Hauetan urte luzez zeharo utzita eta ahaztuta egon den auzoa erabat aldatuta azaltzen da. Azkenekoan gainera irudiak bideo formatuan erakutsi dituzte, to!
Burura etorri zitzaidan orduan infografietan azaltzen dena baino, hauetan azaltzen ez dena dela interesgarriena. Esaterako, Loiolako kasuan ez zen irudian azaltzen horrelako lan bat hasi eta geldirik uzteak ekarriko zituen arazoak. Ez da ere infografietan azaltzen lan baten bideragarritasun ekonomikoa edota ingurumenean izango duen inpaktua.
Agian 3D inprimigailuek eraikinak egiteko gaitasuna dutenean dena azkarragoa izango da, eta infografiatik errealitatera pasako gara denbora gutxian, bitartean hasiko naiz Youtuben infografiak egiteko programak maneiatzen ikasteko tutorialak ikusten.