Ander Edo: 'Loiola d'Or'
Txikitan Caceres aldera oporretan joaten nintzen familiarekin. Urteak eman nituen pentsatzen hango lagunak oporretan bizi zirela, eguraldi onarekin, ibaian bainatzen eta eskolara joan gabe. Gerora konturatu nintzen ezetz, uda garaia amaituta egunerokotasuna bueltatzen zela udaran oporretarako gune izandako hura. Xabatek bost urte ditu eta berdina gertatzen zaio. Baino bera ez da Extremadura aldera joaten. Loiolakoak ditu izeba osabak eta auzora datorren bakoitzean parrandako plana du. Subjektiboak izaten dira lekuei ematen dizkiegun esanahiak eta Xabatentzat Loiola Donostiako auzo bat baino gehiago, oporretarako gune miresgarri bat da.
Hiri berri batera lehen aldiz bisitan goazenean turismo bulegotik pasa eta mapa bat eskuratzea izaten da egitekorik ohikoena. Bertan azalduko zaizkigu ezinbestean bisitatu beharreko tokiak. Donostiaren kasuan esaterako nabarmenduta azalduko zaizkigu Parte Zaharra, Haizearen Orrazia, gure hondartzak eta abar. Ez zaizkie, ordea, bisitariei azaltzen mapa horietan “marko inkonparable” horretatik haratago dauden espazioak. Gauzak horrela bereziki turismoari begira bizi den hiri batean bigarren edo hirugarren plano batean geratzen dira bertako auzo eta herriak.
Loiolan, ordea, ez dugu atzean geratu izan nahi eta beste behin ere umorea eta festa aldarrikapenerako erabiliaz spot umoretsu bat grabatu dugu hainbat auzotarren artean. Auzoa beste begi batzuekin begiratu eta kultur etxea bainu etxe, jubilatuen egoitza kasino eta pantalana kirol portu bilakatu ditugu. Loiola D’or deitu diogu ametsetako oporretarako auzo honi.
Ez dakigu helburu turistiko bilakatuta agintarien arreta handiagoa lortuko dugun. Ez dakigu ere gure spotak turista asko erakarriko dituen edo ez. Izan ere, ez da turista asko azaltzen Loiolan, basilika baten bila datorren despistaturen bat izan ezik. Baina bost urteko ume horrek begiratzen dion lilurarekin begiratuko dugu gure auzoa udak irauten duen bitartean.