Ander Edo: 'Paristik datorren diziplina anitzeko artista bat naiz ni'
Nire baratzera etortzera gonbidatzen bazaitut letxugak landatzera agian ez dut zuregan gogo handirik piztuko. Baino nekazaritza ekologikoarekin harremanetan egoteko “esperientzia” saltzen badizut agian ordaindu eta guzti egingo didazu. Maiz egiten dugun hizkuntzaren erabilerak baldintzatzen du esanahia. Donostian kulturaren urtean gauden honetan honekin lotutako anekdota bat kontatuko dizuet.
Loiolan bizi garenok ongi baino hobeto ezagutzen dugu gabonetan gure auzoa apaintzen duen “Panpin parada” (Loiolako belena bezala ezagutua) bisitariak harrituta geratzen dira auzoa panpinekin eta bestelako elementuekin apainduta ikusterakoan. Ekintza honek auzoko hainbat lagun biltzen ditu eta hilabeetako lana suposatzen du. Instituzioetatik ordea ez du inongo diru laguntzarik jasotzen, kontu erlijiosoa omen batzuentzat eta profanoegia beste batzuentzat.
Inork ez luke imajinatuko horrelako ekintza bat Tabakalera edo 2016eko programazioen barruan, edo bai?. Urteetan ekimena “Panpinen jaiotza” izenarekin ezagutu da, aurtengo kultur etxeko programan, ordea, hitzekin jokatzea erabaki zuten eta honela deskribatu zuten ekintza hau: “Atari Eder plazan, Pili Jauregi diziplina anitzeko artistak egindako instalazioa”. Ez da berdina “saltsera” bat esan edota “diziplina anitzeko artista” esatea, ez da berdina “jaiotza” hitza erabiltzea edota “instalazio” esatea. Funtsean ekintza eta pertsona berdinaren aurrean gaude baino ziur nago batek baino gehiagok ezberdin hartuko lukeela ekimen hau.
Europako kulturaren hiriburu honetan agian hau da ekimen koloretsu honek instituzioen aldetik laguntza apur bat jasotzeko bidea. Egia esan ez dakit, dakidana da auzotarrok ez ditugula hitz potoloak behar gure “diziplina anitzeko” artistek prestatzen dizkiguten “performance” eta “instalazio”-en balioaz jabetzeko. Hala ere behar izan ezkero aldatuko dugu gure hiztegia batzuk jabetu daitezen Loiola ere mainstream dela.