Ander Edo: 'Zergatik egin nintzen Hitzako harpidedun'
Auzoko saltsetan dabiltzan edonori tokatuko zitzaion batean edo bestean “bertakoa” jorratzen duten hedabideekin hitz egitea. Niri ere egokitu izan zait noiz edo noiz lan hori egitea, eta halako batean erabaki nuen Hitzako harpidedun egingo nintzela. Baina hori ez zen gertatu Hitzakoekin izandako hartu eman batean. Kontatzeak ere lotsa ematen didala aitortu behar dizuet, izan ere ez nago batere gustura gertatu zenarekin eta izan nuen erreakzioarekin, baina tira, guztitik ikasten omen da.
Donostiako hedabiderik salduenetik jaso genuen deia. Auzoan jai bat ospatu behar genuen, eta honen inguruko bideo bat egin nahi zuten. Argi utzi ziguten euskaraz egin nahi zutela. Guk baietz esan genien, beti gaude prest gure auzoan egiten denaren berri emateko, eta euskaraz bada, askoz hobe.
Bi langile etorri zitzaizkigun, kamerari bat eta kazetari bat. Hura gure harridura kazetaria erdaraz hasi zitzaigunean! Guk galdetu genion ea elkarrizketa erdaraz egin behar genuen, eta berak ezetz, euskaraz grabatuko genuela, baina bera hobeto moldatzen zela gaztelaniaz. Kameraria euskalduna bazen ere, bere lana soilik grabatzea zen; galderak erdaraz egin eta erantzunak euskaraz bota genituen guk.
Tonto aurpegiarekin geratu ostean gogoratu ginen Irutxuloko Hitzako lagunekin. Haiekin egon garenetan bakar bat etorri izan zaigu, kamerarekin eta koadernoarekin, bideoa eta artikulua egiteko. Baliabide gutxiago ditu Hitzak, hori bai, euskara hutsean egin ditugu elkarrizketa eta ondorengo solasaldia ere, Irutxuloko Hitzako kazetariak euskaraz bizi direlako. Egun horretan erabaki nuen Hitzako harpidetza egingo nuela.