Ander Eño
Ander Edo Martin, aitortu behar dut izen abizenen konbinaketa xelebrea dudala. Eskolan haurrek «anderedo» esaten didate; geratu gabe esaten dute, dena juntu. Zer dela eta deitzen naute honela? Bada, esango nuke, lehen lan urtean, lau urtekoen gelan egon nintzenean gertatu zenak zerikusia izan dezakeela.
Mutil bakarra nintzen haur hezkuntzako garaian eta ikasleak era naturalean «Andereño» deitzen hasi zitzaizkidan. Gelako lankideak segituan argitu zien ezetz, ez nintzela andereño, maisua nintzela, hori edo «Anderedo». Haurrek oso ondo ulertu ez dutenaren aurpegiarekin begiratu zioten lankideari, eta, ordutik, ñ kendu eta d jarri zioten neure izenari.
Pasadizo barregarria iruditu izan zait beti, baino aurrekoan kontu batekin jabetu nintzen. «Andereño» hitza emakumezko irakaslea izendatzeko erabili izan dugu txikitatik, karga emozional handia duen hitza da gutako askorentzat, baino ez dezagun ahaztu euskarazko andereño gaztelaniazko «señorita» dela, hau da, pertsonaren lanbideari erreferentzia egin beharrean bere genero eta egoera zibilari erreparatzen diola.
Bestalde, paradoxa handia iruditu zitzaidan lankide horrek ni izendatzeko erabili zuen hitza «maisu» izatea. Izan ere, maisua da lan batean trebezia edo jakinduria erakusten duen pertsona, hortaz, bion artean maisurik bazen hura ez nintzen ni. Nire lehen lan urte horretan (eta gaur egun ere) gehiago bainuen «andereñotik» maisutik baino. Zalantzarik gabe esan dezaket lankide hori maisu bat izan zela, bai haurrentzat, eta baita niretzat ere. Gaur egun bere ondoan lanean aritzeko zortea dut eta hortxe jarraitzen dugu Ainhoa maisua eta anderedo, edo andereño, edo Martin.