Anduezaren gezurra lan egiteko eskubidea dela eta
PSOEko Andueza jaunak adierazi zuen eskubide linguistikoen eta lan egiteko eskubideen artean aukeratzerakoan, egiten duen planteamenduan bigarrenaren alde jotzen duela; gezur borobila dela frogatzen saiatuko naiz.
Jakina da epaitegi hainbatek, sistematikoki, euskararen aurka epai asko ematen ari direla azkeneko urteotan, erakunde publikoetan langile batzuei euskara maila bat edo beste eskatzen zaielako, besteak beste. Andueza jaunari gogoratu beharko zaio Euskal Herrian lan egiteko eskubidea izateko gaztelania (Hegoaldean) zein frantsesa hizkuntza (Iparraldean) jakin behar dela nahi eta nahi ez. Beraz, lan egiteko eskubidea erabat lotuta dago gaztelania jakitearekin Hegoaldean eta frantsesa hizkuntza jakitearekin Iparraldean.Beraz, Hegoaldean, egun, ez badakizu gaztelaniaz hitz egiten ez duzu inon lan egingo. Eta beste horrenbeste gertatzen da Iparraldean, frantsesarekin.
Baieztapen hau frogatzako adibideak milaka izan daitezke. Hala ere, bakar batzuk aipatuko ditut. Demagun Europa ekialdetik pertsona bat Hego Euskal Herrira iritsi dela lanaren bidez etorkizun hobea lortzeko asmoz. Pertsona hori lan egin ahal izateko gaztelania ikasten hasiko da (gaztelania irakasten duten eskola batera joanda edo joan gabe). Pertsona horri lan kontratu bat egin diezaioten, hilabete asko pasatu daitezke. Momenturen baten gaztelania maila komunikatibo bat eduki beharko luke administrazioarekin harremanak izan ahal izateko, eta bere egoera legeztatzeko hainbat pauso eman daitezen.
Beste adibide bat dugu ondokoa. Demagun Euskal Herrian etxean euskaraz bizi den familia bat. Demagun familia horren pertsona gazteenak enpresa pribatu batean lana bilatu nahi duela. Pertsona horrek nahi eta nahi ez gaztelania jakin behar du Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean. Kontu bera gertatzen da pertsona horrek administrazio publikoan lan egin nahiko balu.
«Demagun Euskal Herrian etxean euskaraz bizi den familia bat. Demagun familia horren pertsona gazteenak enpresa pribatu batean lana bilatu nahi duela. Pertsona horrek nahi eta nahi ez gaztelania jakin behar du Hegoaldean eta frantsesa Iparraldean»
Adibide horiekin frogatuta dago lan egiteko eskubidea ez dela zerbait abstraktua, zerbait neutroa, inolako identitate kutsurik ez duena. Norbaitek honi buruzko zalantzarik baleuka, gogoratu behar da Espainiako Konstituzio zale amorratuek Espainia deitzen dioten Euskal Herriko Hegoaldean bizi garenok legez behartuta gaudela gaztelaniaz jakitera. Aipatu dudan hori, adibidez, oso garbi ikusten da Nortasun Agiri Nazionala delakoa egitera edo berritzea joaten garenean gertatzen denarekin. Joan zaitezte, bulego horietara soilik euskaraz hitz egiten, ohartuko zara zein herritar mota izango zara haientzat! Ez hori soilik, ez baduzu euskaraz soilik hitz eginez lortzen agiri hori egitea, agiri hori ez edukitzeak suposatuko dizu eskubiderik ez izatea (izan ere, ezingo zenuke Osakidetza edo Osasunbidearen txartela eduki, ezta lan kontratu bat eduki ere, besteak beste). Beraz, Andueza jauna, zure planteamendua gezur hutsa da.
Hala ere, hainbat erdaldun elebakarrei, Anduezaren moduan pentsatzen duten beste hainbat politikarik ziria sartu ahalko diete. Engainatuta dauden pertsona kopuru esanguratsu bat lortzeko eta engainu hori iraunkorki mantentzeko, lehen aipatutako legeaz gainera, badute ere beste zenbait tresna. Iaz, PSE-PSOEk eta EAJk onartu zuten EAEko hezkuntza publikorako legea. Legea onartu baino egun batzuk lehenago (beraz, esan dezagun azken momentuan), lege horren edukian erantsi zuten aipamen garbi bat, non esaten den A eredua ez zela kentzen Derrigorrezko Hezkuntzatik. Ondorioz, A ereduan matrikulatuko diren umeak, denok dakigun moduan, A ereduan Derrigorrezko Hezkuntza bukatutakoan, ez dute euskaraz jakingo. Beraz, EAEn segituko dute egoten euskara ez dakiten gazteak, eta, beraz, horrela beraien sasi argudioari edo gezurrari segituko diote eusten, alegia, euskaraz ez dakiten pertsonei ezin zaiela diskriminatu erakunde publiko batzuetan lan egiteko euskaraz ez jakiteagatik.
Haien maltzurkeria izugarri handia da, ederki asko dakitelako, bi hizkuntza ofizialak ikasteko hobekien den hezkuntza eredua D eredua dela, eta, hala ere, A eredua segitzen dute bultzatzen Derrigorrezko Hezkuntzan.
Jakina da D ereduko ikasle batzuk erdiesten duten euskara maila oso baxua dela. Horrek eskatzen du bestelako neurriak hartu behar direla bai eskola barruan zein eskolatik kanpo ikasleak murgiltzen diren tokietan gauzatzen dituzten jarduerak zein aktibitateak euskaraz eskainiz.