Ane Urrutikoetxea: 'Haizeak eraman zuena'
Urtea amaitzear dugu, eta eta azken hausnarketarako garaia da. Atzean gelditu dira urte hasieran egindako promesak eta egitasmoak; egiteko garaia amaitu da.
Berezia izateko asmoa izan du 2016 urteak; Donostia Europako Kultur Hiriburu bihurtu da urtebetez, eta inoiz baino bisitari gehiago jaso ditu. Urtebeteko erakuslehioan denetik ikusi dugu, arrakasta eta porrota. Azkar pasa zait urte hau; gehiagorako emango zuenaren sentsazioa utzi dit.
Donostia 2016 okerreko hankarekin hasi zuen ibilbidea; zubiko ikuskizunak hotz utzi zituen donostiarrak, eta Hansel Cerezak ziztuan egin zuen ospa hiritik. Ondoren, isiltasuna etorri zen; neguko azken hilabete horietan, hiriko gertakizunik nabarmenena denboraleak sortutako alerta laranja izan zen.
Udaberriarekin batera, kultur hiriburutzak loalditik atera eta hainbat emanaldi erakargarri antolatu zituen; Stop War festibalak, esaterako, hiritarren esperantzak berpiztu zituen. Dena den, sentsazioak errepikatu egin dira urte guztian zehar, informazio eta argitasun eza, kaos itxura, ulertezinak suertatu diren egitasmo eta agenda konplexu eta enkriptatuak.
Urrezko altxor ederra Uda gau bateko ametsarekin iritsi zen; iritzi guztiek egin dute bat, Kristina Enea hilabetez hartu zuten maitagarri eta amoranteen ikuskizun ederrarekin bete betean asmatu zutela.
Bake Itunak, bakea baino, liskarra ekarri zuen hirira, Erregeen bisita polemikoarekin; gaztetxeen eraisketak, kultur ekimen alternatiboentzat espaziorik eza eta zentsura jasan duten artelanak ikusi ditu kultur hiriburutza honek, instituzionalismo gehiegi eta herritarren partaidetza eskas eta pasiboa.
Donostia 2016 pegatina ekimen eta proiektu askotan ikusi dugu, bai, baina bestela ere programatuta zeuden jardueretan; kanpotik etorri dira taldeak, izen ponposo eta modernoak zituzten itsasargiak ikusi ditugu, baina hiriko kultur erakundeen protagonismo gehiago bota dut faltan; Donostiako musika talde, abesbatza, antzerki talde, dantza konpainia, zinemagile eta abarren proiektuak izan dira, Kalebegiak kasu; baina beste behin, eskas.
Kultura zentzu zabalenean ulertu du Donostia 2016k, orokorregian nire ustez; kultura turismoarekin nahastu duten irudipena izan dut behin baino gehiagotan. Kanpotarrei begira jarri dira, turista dirudunen ongizatea bereziki zainduz. Hiri guztian eskegita egon diren ongietorri kartel erraldoietan, lorezainak, sukaldariak, gozogileak, danborreroak, dendariak, futbolariak ikusi ditugu; musikari, idazle, eskultore, margolaririk ez, ordea.
Badoa urtea, eta ikusi beharko dugu datorren urtean aurtengo ekimenen oiartzunik egongo ote den, edo 2016 haizeak eramango duen eta soilik aje erraldoi bat besterik ez ote digun utziko. Bitartean, gozatu dezagun amaiera ekitaldiekin.