Ane Urrutikoetxea: 'IndependEXIT'
Marmotaren eguna bizi genuen igandean; eta hala behar zuen. Izan ere, herritarrek beren borondatea adierazi zuten abenduan, eta zergatik aldatu orain? Politika antzuekin sei hilabete igaro ondoren, nekea izan da garaile nagusia; edo asperdura.
Igandeko hauteskundeen mapa medioetan ikusi eta berehala etorri zait burura Erresuma Batuan Brexit-ak marraztutako geografia; bi herrialdeetako emaitzak irudikatzen dituzten mapa horietan, inoiz baino nabarmenago agertzen dira barruan kateatutako gainontzeko lurraldetasunak. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, Euskal Herria eta Herrialde Katalanak izan dira mapa urdina ez zen beste kolore batekin koloreztatu duten bakarrak; Erresuma Batuan, hiriburuarekin batera, Gales, Ipar Irlanda eta Eskoziak bestelako erantzun bat marraztu dute.
Espainian ez dute Europaren inguruko galdeketarik egin, baina neurri batean, Europako politikei men egiten dien gobernua babestu edo zigortzeko aukera zegoen hor. Argi gelditu da Espainiak ez duela Espexit-aren alde bozkatuko; baina igandeko emaitzak zerbaitetarako balio izan badu, lurraldetasun horien aldarrikapenak ozen entzuteko izan da.
Euskal Herrian zein Herrialde Katalanetan, Elkarrekin Ahal Dugu alderdia nagusitu da; ironikoa da, nola independentzia aldarrikatzen duten bi lurralde horiek izan diren, hain zuzen, Espainiako gobernuan aldaketa bat egitearen alde agertu diren bakarrak. Alderdi abertzaleen kaltetan, gainera.
Analistek, kazetariek, jakintsuek diote ezberdin bozkatzen dugula Espainian eta gurean; boto erabilgarria izan dela gurea, eta beraz, oraingo emaitzak ez direla udazkeneko hauteskundeen isla izango. Baina, existitzen al da boto erabilgarria? Zeinentzat, zertarako erabilgarri?
Irudipena daukat udazkenean emaitzak ez direla oso ezberdinak izango; beharbada, alderdi jaioberriak Espainian eragin ez duen zirrara piztu du hemen. Espainian geldien egon den alderdia izan da bozkatuena; hemen ere, hala izango ote da? Nolanahi ere, Espainian aldaketaren alde bozkatu dugun bakarrak izan gara; eta gurean, aldaketarik nahi ote dugu?