Ane Urrutikoetxea: 'Irudipenak besterik ez'
Txakurra dudanetik askotan ibiltzen naiz gauez. Donostia da, kale lasai eta dezente argiztatuetatik nabil; txakurrak atzetik jarraitzen nau beti. Gehienetan ez dut inorrekin egiten topo. Noizbehinka, txakurrarekin doan bizilagunen batekin. Behin edo behin, taberna itxi duten gazte talderen batekin. Gauren batean, etxera bidean doan arima bakartiren batekin.
Beti bueltatu naiz etxera, arazorik gabe. Gauero, kale hutsetan igarotzen dudan tarte hori lasaia eta monotonoa izan da. Baina gauero, atariko atea zeharkatu bezain laster, begiak eta belarriak zorrozten ditut; berokia goraino lotu, sorbaldak uzkurtu, eta eskuak poltsikoetan sartzen ditut, alde batean mugikorra eta bestean giltzak. Gogor estutzen ditut biak.
Erritual berdina errepikatu ohi dut asteburuan afariren edo parrandaren baten ondoren etxera bakarrik bueltatu naizenetan. Autobusean gidariarengandik gertu eseri, geltoki berdinean jaitsi diren horiei zeharka begiratu… etxera sartu aurretik bidean pare bat bira eman izan ditut behin baino gehiagotan.
Irudipenak besterik ez ziren; sekula ez zait ezer gertatu. Baina, irudipenak irudipen, etxetik aldentzen nauten azken metro ilun horietan beti azkartzen ditut pausoak. Semaforoak gorrian harrapatzen banau ere, zeharkatzen saiatuko naiz. Gau batean, taxi gidari batek etxean sartu arte itxaron ninduen kanpoan, ‘Neskekin beti egiten dut, ni ere aita naiz; ez zenukete bakarrik ibili behar kaleetatik’.
Ez genuke bakarrik ibili behar; kezkatutako aita horrek argi zuen hori, gaueko piztien garraiolari moduan ondotxo baitzekien ilunpetan ezkutatzen diren arriskuez. Eta ni, eta gu, ezinegon sentipen hori gainetik kendu gabe zeharkatzen ditugu kaleak, bertakoak ez bagina bezala, kaleak gure lekua ez balira bezala; azkar etxera, babeslekura.
Gaur gauean berriro aterako naiz, eta berriro estutuko ditut mugikorra eta giltzak. Etxera beti bezala bueltatuko naiz ziurrenik; berriz ere, irudipenak besterik ez dira izango. Eta zerbait gertatzen bazait, bertan egon behar ez nuelako izango zen.