Ane Urrutikoetxea: 'Tribuak'
Udazken giroa iristeko gogoz zebilen, eta udako oporrak kolpe batez ahazteko moduko giro nahasiarekin iritsi da iraila. Igandeko olatutzarrek turista ordak uxatu dituzte Kontxako hondartzatik, eta behingoz, Parte Zaharreko kaleetatik lasai ibiltzeko garaia iritsi zaigu. Edo ez.
Donostiak urte osoan jasotzen ditu hainbat triburen bisitak, eta urtaroen lege zaharra zintzoki jarraituz, garai bakoitzari dagokion biztanleak izan ohi ditu. Euriak turistak xaxatu bezain laster iritsiko da beraz garaiari dagokion tribu berria: eskapularioen jet set elegantea.
Donostia Zinemaldiak urtero erakartzen duen hegazti migratorioen talde bitxi honek hiria okupatzen du astebetez; turistak ez bezala, tribu honek ohitura zehatzak ditu, eta gune zehatzetan mugitzen dira, beti ere, lepotik zintzilik daramazkiten koloretako txartelekin ondo identifikatuta. Taldean edo bakarka ibili daitezke, eta inguruko faunarekin ere harremantzen dira; Zinemaldiko akreditatuez ari gara, noski.
Eskapularioa soinean eramango dute zinema jaialdiak irauten duen bitartean, eta edozein lekutan daudela ere, sokatxoa soinean zintzilik daramatela ikusiko dituzue; berdin du egun horretan filmerik ikusi duten ala ez. Ez dakigu dutxan eta ohean kentzen ote dutenik; halako daturik ez da erregistratu orain arte.
Udazkeneko tribu honek, baina, ez du hiriko erritmo lasaia gehiegi aztoratzen; Maria Kristina hotel ingurua eta Kursaala dira euren elkarguneak, eta hiriko zinema aretoetan egiten dute habia, gainontzeko guneak errespetatuz. Jangaiak eta kafea eskuratzeko, berriz, inguruko txokoetan babesten dira, batez ere Okendo, Tanger, Koh Tao eta zonaldeko tabernetan. Pintxoak gustatzen zaizkie, baina turistek ez bezala, irensteko estiloa badute.
Eskapularioaz gain, kultureta janzkerei eta goi mailako kultur berriketaldiei esker identifikatu ditzakegu tribu honetako kideak. Goizeko bederatzietan, puntualitate britainiarrez, Kursaal aurrealdean ilaran ikusiko dituzu; iluntasunean egotea maite dute, eta kalean ibili baino nahiago dute lau orduko film iraniarren batez gozatu, zinema aretoak eskaintzen duen intimitatean. Hori bai, tribu honetako kideak ez dituzu krispetekin ikusiko sekula. Mainstream izateko beldur ikaragarria dute!
Azkenik, ohar bat; hegazti talde honetan badira gautxoriak ere. Azken horiek Bataplanen edo Gu diskotekan topatu ditzakezu, ordu txikitan, kubata eskuan dutela. Kontuz ibili horiekin, hegazti harrapakariak baitira.