Ane Urrutikoetxea: 'Zezenak dira'
Espainiako Gobernuak ez du baimenik eman Donostian zezenketei buruzko galdeketa egiteko; Donostia Antitaurina plataformak hamar mila sinadura bildu zituen arren, oraingoz ezin dugu jakin zezenketen inguruan biztanleen gehiengoak duen iritzia. Bitartean, aurtengo Aste Nagusian berriro zezenketak egingo dituzte Ilunben.
Galdeketarik gabe, baina, udalak badu zezenketen inguruan erabaki irmoa hartzeko ahalmena; iritziak jaso arte, zezenketak gelditzea erabaki dezake, esate baterako. Zezenketarik gabeko hiri batean sinisten badute, hala egin beharko lukete.
Ez nator apologia antitaurinoa egitera; zezenketen aurka gaudenok argi dugu ezin dugula animalia baten tortura eta hilketa diru publikoarekin finantzatuta ikustea jasan, eta alde daudenek beraientzat sendoak diren arrazoietan sinisten dute. Argi daukat beraz, ezinezkoa zaidala zutabe honen bidez inorren iritzia aldatzea.
Zezenketak kultura dira, diote; erromatarren zirkuekin batera dagoeneko hilda egon behar zuen tradizio zaharkitua mantentzearen kultura, animalia basati bat plazan gizonezko baten aurka borrokan ikustean plazerra sentizen dutenen kultura, adarkada bakoitzarekin zirrara eta poza adierazten dutenen kultura, piztia odoleztatu eta akabatuaren azken hatsarekin batera ‘ole!’ harro bat oihukatzen dutenen kultura, Espainiaren kultura soilik zezenketekin erlazionatzen dutenen kultura, animalien sufrimendua eta tortura ikusten ez dutenen kultura. Bada ere, txikitatik festa baten moduan bizi izan dutenen kultura; plazara joatera ohituta daudenen kultura, betidanik gauza ‘normaltzat’ ikusi dutenena. Azken horiei, gure gizartean duela urte eskas ‘normaltzat’ hartzen zenaren inguruan hausnartzeko gonbita luzatzen diet.
Zergatik debekatu? Nahi dutenak joan daitezela, eta kitto. Errespetua eskatzen dute. Baina ez dute ulertzen, zezenaren sufrimendua bizi eta sentitzen dugunok ezin dugula besoak gurutzatuta ezer egin gabe gelditu. Gure kultura ez delako haiena. Ez dira osagarriak, kontrajarriak dira; Donostia, edo taurinoa da, edo antitaurinoa. Eta apustu egingo nuke gehiengo zabala torturarik gabeko kulturaren aldekoa dela.