Animaliak
Aldian behin, baina gero eta maizago, animalien gaineko aipamenak ikus-entzuten ditugu hedabideetan, gehienak haiekiko dugun jarreraren ingurukoak. Hortik ondoriozta daiteke gaiari buruzko jendartearen sentikortasuna gora doala, eta, hala balitz, ez litzateke batere albiste txarra izango.
Honezkero irakurleren bat hasiko zen marmarka: «Animalien eskubideez jardun behar al duzu? Utikan belaskeriak! Gizakionak gauzatu ez, eta animalienez arduratu behar al dugu? Badugu lehenagoko lanik!». Halakorik balego lasai egoteko, eta irakurtzen jarraitzeko, esango nioke, ez bainaiz eskubideez ariko, tratu txarren kasu batetaz baizik. Zehatz esanda, idazlan honen helburua kasu horren inguruko hausnarketa eragitea da.
Gure manupeko animaliak lau multzotan banatzen ditut, hots, abeltzaintza arlokoak, etxeko maskotak, laborategietakoak, eta aisialdiaren eremukoak. Hemen laugarren multzokoak soilik hartuko ditut aintzat.
Zezenketak, sokamuturrak, zaldi eta asto lasterketak… Ez dira asko, baina denetan, gutxi-asko, animaliei tratu txarra ematen zaie. Nire aburuz, zezenketak txarrenak dira, baina soro hori jorratu samartuta dagoenez, ez naiz ni bertara sartuko. Bigarren txarrenak ditugun, eta aipamen gutxi dituzten, idi-demak hartuko ditut hizketagai.
Euskal kulturan txertatuta daudela, gure-gureak direla, beste inon ezagutzen ez den herri-kirola (kirola?) dela… Nahi duzuen guztia, baina nik ikusitako bakarra ikuskizun anakronikoa eta benetan ankerra iruditu zitzaidan. Jainkoa bezala, bat bakarra eta hura nahikoa. Ez dut uste halakoetan gehiago ikusiko nautenik.
Eta idiei eragindako oinaze hori guztia zertarako, apustu edo txapelketa bat irabazteko? Jabea besteak baino gehiago dela jendaurrean erakusteko? Azienda gobernatzen parerik ez duela argi uzteko? Horiek guztiak lortzeko ez al dago beste biderik?
Ni ez naiz ezer debekatzearen aldekoa, baina mundutxo horretan dabiltzanak gogoeta bat egitera gonbidatuko nituzke.
Zeregin jakin baterako animalia bikainak prestatzea gogoko baduzue, erronka giroan eroso bazabiltzate, daukazuen azpiegitura (ukuilua, lur sailak…) alferrik galtzen uzteko asmorik ez baduzue, kontuan hartu idi-lana ez dela aukera bakarra. Dauden bestelakoen artean bat aipatu dizuet adibide gisa: idien tokian bi txekor edo txahal jarri, eta segi lehen bezala lehian gainerako idi-demalari ohiekin, 10- 14 hilabeteko txekorrik onena nork hazi.
«Utikan kalekume hori! Txekorrak hazi, gero eta haragi gutxiago jaten den honetan, gero txahala kendu ezinik ibiltzeko?». Txekor hazle askoren buruhauste den hori idizaleentzat ez litzateke hartarainoko arazo izango, etxerako gehitxo izanda ere, baluketelako jeneroa non enplegatu, gehienak baserria jatetxe bihurtuta daukatelako. Eta bi hankako haragizaleak, urritu bai, baina puska batean ez dira erabat ezkutatuko.
Lepoa egingo nuke gaiari pare bat buelta eman ondoren, sadikotxo batzuk kenduta, gehien-gehienek hemen aipaturikoaren tankerako aldaketaren baten alde egingo luketela, are kontuan hartuta idi-lanetan erabilitako tresneriak baduela bestelako eginkizunik: uztarria eta kopetakoak, horman eskegita, etxeko ataria edo ezkaratza edergailu, harri tzarra, iraganeko lekuko isila gisa, atarian edo herriko plazan apaingarri, eta akuilua, eztena kenduta, mendizaleen lagungarri. Ni makila horietako batekin ibiltzen naiz.