Animalien ongizatea
Gerturatu eta ateak parez pare zabaltzen dira, mugimendu-sentsorearen magia da. Kalean hotz handia egiten du, baina barruan berogailua topera dago. Fluoreszenteen burrunba eta argiek denboraren nozioa nahasten dute. Ez daukazu oso argi duela bost minutu edo bi ordu sartu zaren. Logika propioa duen (ez)lekuan zaude: supermerkatuan.
Sagarren distirak itsutzen zaitu fruta eta barazkien zonaldean. Dena oso «perfektua» (distiratsua, simetrikoa…), dena plastikoz josia. Ibiltzen jarraitzen duzu, asko gelditu gabe, zaila da nahi ez zenituen gauza horiek ez erostea, baina zuk gogor eutsi diozu afera horri. «Bizkotxoa egiteko legamia!» errepikatzen diozu zeure buruari. Tontakeriatxoren bat ez erostea izango da zure ekintza gogoangarria, militantea, akaso.
Legamia ez duzu aurkitzen eta, bat-batean, topo egin duzu marketin stand batekin. «Oilo alaien arrautzak». Beste aldera begiratu, eta ongizatearen zigilua duen haragia ikusi duzu. Animaliak erabiltzen eta zapaltzen dituen industria horrek duela gutxi arte «produktu» hutsa aurkezten zuen. Arrautza, xerra, esnea… «Produktua» eta animaliaren arteko loturak ezabatzen saiatzen ziren. Carol Adamsek ongi definitu zuen prozesu hura: erreferente estalia. Animaliaren gorputza gure iruditegietatik ezabatu nahi zuten, eta produktu edo «gauza» zela sinetsarazi. Azken boladan, ordea, beste estrategia (osagarria) indartu dute. Lotura ezabatu baino, mistifikatu eta Disneyko filmen eran aurkezten dute.
Nahiko ezagunak ditugun marketinaren iruzur eta gezurrak ez dira salbuespena animalien jatorrizko «produktu» horietan; araua dira. Animalien ongizatearen fikziozko errelatoak bat egiten du kapitalaren logikarekin: etekinak lortzeko helburuarekin egin beharrekoa egingo dute. Animaliekiko enpatia eta errespetu gero eta gehiago dugun gizarte honetan, beharrezkoa izan dute haien kanpainak moldatzea; animalien zapalkuntza legitimatzeko eta, azken finean, etekinak ez galtzeko.
Azkenean, legamia topatu duzu. Eta beharrezkoak ez dituzun gauzak alde batera uzteko hautuari gogor eutsi diozu, eta animalia jatorrizko «produktuak» ez dira salbuespena. Etekin hutsak bilatzen dituztenen bilgarri distiratsuek ezin gaituzte nahastu, guk beste eredu bat nahi dugulako, kapitalaren logikan eta animalien erabileran oinarritzen ez dena.