Anoetako eta Illunbeko «eraldaketa integrala» eta zezen plaza
Bai, aurten ere zezenketak egingo dituzte Aste Nagusian. Azken urteotan bezala, hiru «soilik», garbi baitago «festa» ez dagoela bere onenean, baina egin egingo dituzte.
Normala da. Bueno, tira, ez da batere normala sei zezen jendaurrean gupida gabe hil arte torturatzea eta horri «festa» deitzea. Normala dena, zera da, horretara dedikatzen diren enpresariek antolatzen jarraitzea, udalak Illunbe uzten dien bitartean. Izan ere, Eneko Goia alkateak behin eta berriro dio zezenketak enpresa pribatu baten kontua direla, baina sinetsarazi nahi duenaren kontra, udala ez da arazo honetan neutrala, ezinbesteko eragilea baizik. Donostian, zezenketak egiten dira antolatzaileek udal plaza bat erabil dezaketelako. Sustengu publiko erabakigarri hori gabe, akabo «festa».
Goiak ondo baino hobeto daki donostiar gehienok ez gaudela horrekin ados. 2017an, udalak berak enkargatutako inkestan, garbi geratu zen herritarron %71 zezenketak egiteko udal instalazioak uztearen aurka geundela. Egia da PPren gobernuak 2016an gai honi buruzko galdeketa debekatu egin zuela, baina hori bezain egia da Goiak herritarrok geure iritzia emateko bide berriak aurkitzeko konpromisoa hartu zuela. Urte hauetan guztietan, ordea, ez du konpromisoa bete.
Baina badirudi kartak erakusteko une baten aurrean gaudela. Anoetako eta Illunbeko «kirol hiriaren eraldaketa integrala» gero eta gertuago dago. Imanol Pradales lehendakari izendatzeko, EAJk eta PSEk berriki onartutako konpromisoetako bat ere bada Eusko Jaurlaritzak eraldaketa horretan parte hartzea. Beraz, operazio horretan diru publiko asko inbertituko da, eta ez udalarena soilik. Eta hori egin daiteke zezen plazaren erabilera ezbaian jarri gabe? Beste erabilera posibleen kaltetan bada ere? Eta, batez ere, donostiarron iritzia kontuan izan gabe edo, behintzat, gai honen inguruan zor zaigun galdeketa egin gabe?
Erantzun aurretik, Goiak berrirakurri beharko luke zer esan zuen, PPk galdeketa debekatu zuenean: «Demokrazia jardunarekin erakusten dela sinesten dugunok uste dugu XXI. mendean gatazkak eta arazoak hiritarren iritzia entzuten konpontzen direla. Hortaz, nolako interesak dituzte hainbat alderdik ez baimentzeko iritzi kontrajarriak sortu dituen gai bati buruz hiritarrek iritzia ematea?».