Antoine eta hamar gehiago
Ai, ene! Zein azkar doan bizitza! Badirudi atzo bertan bidali nuela joan den denboraldiko azken Futbologia, eta hementxe naukazue, atzera, gure Realari buruz idazteko prest. Azken urteotan gertatu bezala, goizegi itzuli gara, abuztua futbolerako bainoago hondartzarako baita, baina tira… Eta itzulera goiztiar honek nire oporrak amaitzear daudela iragartzen badu ere, oso pozik nago. Izan ere, plazer handia baita niretzat txoko hau zuekin guztiokin konpartitzea.
Baina ez soilik horregatik. Ziurrenik, gure lagun futbologo Xabi Vazquez harrituta geratuko da hurrengo lerroak irakurtzean, baina uste dut ezen, oraingo honetan behinik behin, zuzendaritza batzordea zoriondu beharrean gaudela. Ondo dakizuenez, ez naiz Jokin Aperribairen oso zalea, baina nago lan txukuna egin duela taldea osatzeko garaian. Carlos Vela aulkira bidaltzea eta, bere ordez, Txori Castro atera ahal izatea benetako luxua iruditzen zait. Jose Angeli buruz ezin gauza handirik esan, ez baitut jokatzen ikusi, baina argi zegoen De la Bellak konpetentzia apur bat behar zuela.
Eta pozik nagoenez –eta denboraldia hasi berria denez– entrenatzaileari ere ez diogu egur askorik emango. Areago, oraingoan prest nago laudorioak eta guzti eskaintzeko. Egia da tematuta jarraitzen duela iazko jokaera –eta jokalari– batzuetan, eta egia da, halaber, Bartzelonan Bernabeun jokatutako azken partidan egindako akats berberak errepikatu zituela –baita emaitza bera lortu ere, 5-1–, baina onartu behar da Griezmann punta-erdira ekartzean bete-betean asmatu duela.
Izan ere, bikain aritu zen Antoine larunbatean. Azken urteotan ez bezala, uda lasaia pasa du frantziarrak, eskaintza erorik eta partidarik gabekoa, eta nabari da, nabari denez. Mutila sasoi onean iritsi da hasierara, eta argi dago gustura dagoela bere kokapen berrian. Hain gustura non orain txoriak, buruan beharrean, ezkerrean dituen. Bejondeiola!
Nik, behintzat, argi daukat Mallorcako partidarako hamaikakoa.
Antoine eta hamar gehiago.