Apopilo
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Ebakuntza ohikoa da artroskopia. Gure hiriko sendaguneetan, egunero, datu oso fidagarria izan gabe ere, gutxi gora-beherakoa, dozena bat halako egiten omen dituzte. Iragan ostegunean pasatu nintzen ni osagilearen eskuetatik, eskuin belauneko barne meniskoko adaxka hautsita nuen-eta. Kirolaren, adinaren edota Michael Jacksonen aurresku dantza mugimenduak errepikatzearen ondorio, batek daki. Emakumezkoei ere berdin-berdin egiten zaie ebakuntza mota hau, emetroskopia izenik hartu gabe. Ni baino gazteagoei zein edadetuagoei beste horrenbeste, zahartroskopia deitu gabe. Artroskopia. Kopia izanagatik, denontzat berbera izango dela diosta ene garuneko soto izkutuko neurona “Punset” jakintsuak, bizkorra bera! Kirofanoaren urdin uperisatu garbira egiten du jauzi nire oroimenak oraintxe, ebakuntza gunera; ipod-a nirekin eraman nuenekora, John Lee Hoockerren laguntza hautatu bainuen, gerritik behera lokartuko baininduten, belarriek operazioaren gora-beherak entzun ez zitzaten. Han egon nintzen, erdi lokartuta, bluesaren urdinpean, urduri baina gozatzen. Amaitu zen ebakuntza eta esnatze gelara eraman ninduen kamilazale hiztunak –kamioia gidatzen duena kamioizale bada, hala izango da kamila gidatzen duena, ezta?–. Relax gela, gorpua iratzartzeko gunea. Hotza. Eta hemen, aitortza txikia, atrebentzia ez bada: hau tentsioa pittiku ingurunearen lo sekoa ikusita! Hori da iratzarri ezina, jasssausss! Pixa egitearen plazer eta handitasunaz jabetzeko unea. Uf. Pasatu da osagilea bere oharrak serio eginez: “astebetez hanka horizontal militarrean”. Hau da, aste osoa bulegora joan ezin: hori bai egutegia hankaz gora jartzea! Eskerrak bulegokideen laguntza ez dela falta izan. Lagunena ere ez. Eta hemen nago, asteko beste hitz-orduari aurre eginez, “maldanondo”-ren agindu goxoa bete asmoz, “mahal-dan-ondoen”. Eta zergatik ukatu, markes izatetik sekula gertu egon banaiz, hauxe dela unea eta gunea aitortu beharra dut: zangoxut edo belaun-up –transbertsalkiago esanda–, mundura ekarri gintuzten, gugatik sekulako ardurak, izerdiak, burukominak igaro, den-dena ematen beti; urte dezente batzuk igaro “alde egin” genuenetik eta astebetez, paradisutik ezin gertuago naukate amak eta aitak beraien etxean. Hau luxua. Anaiak eta arrebak artroskopia egiteko zain-zerrendan izena eman dute!