Aquariumeko arrapalan bainatzeko debekua
Bai, Aquariumaren ondoko arrapalan bainatzeko debekua iritsi da. Debeku hori ulertezina da berez, baina are gehiago berotze klimatikoaren garai honetan.
Aipatu gunera joan naiz txakurrarekin freskatu eta pixka batean jolas zedin. Itxaron dugu kayak ontziak jaso dituzten arte, eta ziztu bizian joan dira hiruzpalau zakur bainatzera, udan askok egin ohi duten legez. Ez bat, ez bi zinpeko guardia etorri zaizkigu esatera debekatuta dagoela arrapala horretan bainatzea eta alde egin behar genuela handik bai zakur jabeok, bai bertan bainatzen ari ziren gaztetxoek. Duela gutxi jarritako seinalea erakutsi digu. Baina noiz hartu da erabaki hori? Zergatik? Jakinarazi al zaigu horretaz hiritarroi?
Ez didate esango higieneagatik izan denik ur motoak ohikoak direnean, gaueko parranda osteko hondakinak nonahi ikusten direnean, hori pixa eta bestelakoak aipatu gabe. Esan behar dut udalak edo itsasertzaz arduratzen den entitate publikoak iaztik zeramala galarazteko asmo horretan, itxitura hesi metaliko batzuk jarri baitzituzten. Protestak izan ziren horregatik, eta arrapala bainulariok eta maskotak erabiltzen jarraitu genuen.
«Dagokionari zentzuz joka dezala eskatzen diot eta erabil dezala denbora herritarrontzat benetan garrantzitsuak diren arazoak konpontzeko»
Badirudi gure maskotek uda partean etxean geratu behar dutela. Manteoko aisialdi eremua desagerrarazi zuten, hiriko parkeetan lotuta joan behar dute esparru osoan, ez dago korrika egiteko eta jolasteko eremu mugaturik, hiriko hondartzetara jaistea erabat debekatuta dago eta ez dago gaueko ordutegirik hareatzak erabiltzeko. Ez da ulertzen aisialdi jarduera hau debekatzeko seta hori, ez baitu inolako trabarik sortzen. Luze hitz egin genezake bestelako hiriko jarduera gogaikarriez eta zikinkeriari buruz.
Mesedez, dagokionari zentzuz joka dezala eskatzen diot eta erabil dezala denbora herritarrontzat benetan garrantzitsuak diren arazoak konpontzeko. Gure maskotek, eta ez dira gutxi, aisiarako eta bainurako guneak behar dituzte.