Arartekoak udalari agindu dio La Sirena aterpetxea irekitzeko!
Donostiako Hiritarron Harrera Sareko kide batek Donostiako Udalaren La Sirena aterpetxeak neguan etxegabeak artatzeko duen irekitze protokoloaren gaineko kexa bat jarri zuen Arartekoan (Herritarren Defendatzailea den EAEko erakundea). Kexan, aterpetxearen irekiera baldintzak eta denboraldia murriztaileegiak direla salatzen zen. Baldintza honakoa da: aterpea irekitzeko, Euskalmetek kostaldean nahiz barrualdean izotz arriskuaren iragarpena egina izan behar du. Irekitze denboraldia, berriz, azaroaren 16tik apirilaren 1era bitartekoa da.
Arartekoak kexa tramitera onartu eta ikerlan bat burutu du. Bi azterlanetan oinarritu du ikerketa. Batetik, Donostiako Udalaren txostena, non irekitze protokoloa argudiatzeaz gain, kale egoeran dauden pertsonak artatzeko eskaintzen diren gizarte zerbitzuak xehatzen diren. Eta, bestetik, etxegabetasuna desagerrarazteko instituzio maila guztietan bete behar den lege esparrua eta adosturiko konpromisoak. Emaitza 2024 NI-836-22 ebazpena da, eta Arartekoaren webgunean eskuragarri dago. Hiru ondorio ditu; lehenak, udalari etxegabeen premiei erantzuteko egiten duen ahalegin jarraitua aitortzen dio; bigarrenak, zehatz-mehatz agintzen dio kale egoeran dauden pertsonek bizitza arriskuan jarri ez dezaten neguan estaldura handiagoa eskaini behar duela, tenperatuak jaistearen mende soilik egongo ez diren baliabideak irekiz; hirugarrenak, aldiz, euskal administrazio publiko guztiak erantzule direla aditzera ematen du, eta, dei egiten die inplikaturik dauden sistema publikoei (gizarte zerbitzuen arloa, etxebizitzarena, diru sarreren bermearena eta gizarteratzearena, enpleguarena eta osasunarena) 2024-2028ko Bizitegi Bazterketa Larriaren aurkako II. Euskal Estrategia aukera paregabea kontsideratzeko etxegabetasuna konpontzeko, aurrera bidean.
«Udalari exijitzen diogu Arartekoaren ebazpena bete eta La Sirena aterpetxea irekitzea, baldintzarik gabe!»
Egoera horren aurrean, Donostiako Hiritarron Harrera Sareak eta Kaleko Afari Solidarioak (KAS) ekimenek Ararterkoaren ebazpena txalotzen dugu, azken lau urteotako aldarrikapena izan denari zilegitasuna esleitzen baitio. Aldi berean, Arartekoaren ebazpena aztertu dugu, eta Donostiako Udalak La Sirenaren ez irekiera argudiatzen duen arrazoi nagusian honako kontraesana identifikatu dugu: udalak dio La Sirena ez dela Gizarte Ekintza Sailaren baliabidea, baizik eta Gazte, Hezkuntza eta Aterpetxeeen atalekoa. Horrenbestez, ezin dela kontsideratu etxegabeen arreta zerbitzu gisa. Aldiz, Gizarte Ekintzako zinegotziak, 2024ko apirilaren 16ko Gizarte Kontseiluan eginiko agerraldian neguko dispositibo gisa aurkeztu zuen (irekiera protokoloa aipatu gabe), harro nabarmenduz baliabide osagarria dela, ez baitu derrigortzen betebehar duten Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legeak. Testuinguru honetan, udalari exijitzen diogu Arartekoaren ebazpena bete eta La Sirena aterpetxea irekitzea, baldintzarik gabe!
Miretsiko al luke Mikel Laboak bere zubipean pertsonek aterpe hartzen dutela ikustea?