Araudia egokitu beharra atzera ez egiteko
Euskararen Legea onartu zenetik, indarrean dagoen araudiaren babesean eta gizartearen gehiengoaren onespenarekin, administrazioaren euskararen normalizazio prozesuan aurrera egiteko urrats garrantzitsuak egin dira azken 35-40 urteotan. Prozesu hau modu progresiboan, adostasunez eta zuhurtzia handiz egin da.
Hasierako urtetan langileen euskalduntzea eta dokumentazio elebiduna sortzeko gaztelaniatik euskararako itzulpena izan ziren oinarria. Urteek eta plangintzaldiek aurrera egin ahala, herritarren hizkuntza aukera bermatzea izan da Donostiako Udalaren hizkuntza politikan erronka nagusia. Gaur egun, egindako lanari esker, bai langileen bai ordezkari politikoen hizkuntza gaitasuna asko hobetu da eta administrazioaren barne jarduera eta komunikazioetan —kudeaketa eta izapideetan, bileretan, idatzizko dokumentazioan….— euskara normaltasunez, gero eta gehiago, erabiltzen da. Euskara lan hizkuntza bilakatzen ari da.
Urteetako lan etengabe eta jarraituak, jende askoren ahaleginak eta administrazioaren kudeaketa eredu aurreratuak ekarri du gaur egun zenbait administrazio publiko euskararen ezagutza orokortzetik gertu egotea. Eta ezagutza poliki-poliki orokortu izanak erabileran eragiteko baldintzak sortu ditu, zerbitzu hizkuntzaz harago, euskara lan hizkuntza ere izan dadin. Eta hau guztia ez zen posible izango administrazioa langile elebidunez osatzen joan ez balitz.
Zoritxarrez, azkenaldian epaitegietatik datozkigun epaiak eta presio mediatikoa orain artean lortutakoa kinka larrian jartzen ari dira, eta, horri aurre egiteko, beharrezkoa da oinarri juridiko sendo eta adostu bat lantzea, normalizazio prozesuan atzera ez egiteko baldintzak bermatzea, legedia egokituz eta osatuz.


